Gaur HAPOaren aurrerapen proposamena onartzeko ezohiko bilkura egingo da
Txomin Sagarzazu alkateak, gaurko ezohiko bilkurari buruzko xehetasunak eman zituen atzo. Bi bloketan zatitu ditu aztergaiak: HAPOaren aurrerapena eta lizentzia batzuk urtebeterako etetea.
Gaur arratsaldean ezohiko bilkura egingo dute Hondarribiko udalbatzako ordezkariek. Guztira zazpi puntu aztertuko dituzte. Txomin Sagarzazu alkateak “garrantzitsuak” direnei buruzko azalpenak eman zituen atzo prentsaurrekoan.
Hiri Antolakuntza Plan Orokorrarekin (HAPO) lotutako aztergaiak dira gaurkoak, eta bi bloketan banatu ditu alkateak. Lehenik, HAPOaren aurrerapen proposamena eta Ohiko Ingurumen Ebaluazio Estrategikorako Hasierako Dokumentu Estrategikoa onartzeko bozketak egingo dira.
Ondoren, lizentzia batzuk urtebeterako etetea aztertuko dela azaldu zuen Sagarzazuk. Aztertuko diren baimen batzuk zeintzuk diren aipatu ditu: Mendelu Eskapatxulo eremukoak, Alde Zaharrean eraikinen beheko solairuetan etxebizitzak jartzeko erabilerarenak, eta etxebizitza turistikoei dagokienak.
Arratsaldean izango den ezohiko bilkura baino lehen, dokumentua udalerri batzordeko bi bileretan eta Planeamendu Aholku Batzordean aurkeztu dela adierazi du Sagarzazuk, eta hitz hauen ondoren, aurrerapen proposamenean irakurri ahalko denaren aurrerapen txiki bat egin zuen: “Gehienez Hondarribian 2.400 etxebizitza eraiki ahal izango dira, jarduera ekonomikoetan Zubieta-Urdainibiaz gain, gehienez 10 hektarea izan ditzakeela gure herriak”.
Proposamena onartu eta gerokoak
Alkateak adierazi zuen gaur proposamena onartzen bada, herritarrei erakusketa zabaldu nahi dietela “ahalik eta azkarren”, gero bi hilabeteko epea ireki nahi dutelako proposamenak jasotzeko.
Izan ere, onartuko dena aurrerapen proposamena dela argitu nahi izan du eta, beraz, ez dela behin betikoa: “Oraindik beste fase batean gaude, axola handiko pauso bat emango dugu, eta lankidetza zein elkarrizketarako gune batean gaude, bai Udaleko beste alderdiekiko baita hiritarrekiko ere”.