Emakumeen Etxearen proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lanak enkargatu ditu udalak
Proiektuaren ildo nagusiak eta azken kokalekura egokitzeko 42.350 euro bideratuko dituzte. "Espazio malgu, balioaniztun, zabal, eroso eta argitsua" eraiki nahi dute.
Etorkizuneko Emakumeen Etxearen proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lanak enkargatu berri ditu udalak, hala jakinarazi berri dute. Orotara, proiektuaren ildo nagusiak eta azken kokalekura (Istillaga plazako 8. zenbakian irekiko dute lokala) egokitzeko 42.350 euro bideratuko dituztela zehaztu dute.
Obra saileko ordezkari Cristina Labordaren arabera, “prozedura oso bat jarri dugu abian, espazio hori ahalik eta lasterren egokitzeko eta hirian Emakumeen Etxe gisa erreferentzia bihurtzeko. Asmoa
da proiektuaren idazketa hiriko emakumeekin irekitako parte-hartze prozesuarekin
egokitzea, lokalaren barrualdea zehazte aldera”.
Abiatutako prozeduraren helburu nagusia alternatiben azterlan bat idaztea dela gaineratu du. Hala, lokala egokitzeko zein instalazio behar diren aurreikusiko dituzte, “espazio malgu, balioaniztun, zabal, eroso eta argitsua” lortzeko asmoz.
Bestalde, udalak gogoratu du Emakumeen Etxearen edukia diseinatzeko parte hartze prozesua martxan dagoela, osasun krisiak prozesua atzeratu duen arren. “Alternatibak eskura izan
bezain laster, Etxea diseinatzeko partaidetza prozesuan izena eman duten emakumeei
jakinaraziko dizkiegu, guztion artean aukerarik onena hautatzeko”, esan du Berdintasun saileko ordezkari Miren Etxebestek. Egun, bigarren fasean dago prozesua eta zortzi saio aurreikusi dituzte. Bigarren fasean aldiz, Emakumeen Etxxearen jarduna zehaztuko dute, baita eguneroko funtzionamenduaren gaineko gaiak ere.