Hiriko espaloietako ibilerraztasuna hobetzeko zenbait lan hasiko dituzte
Santiago-Dunboa inguruan, Txoantenea, Victoriano Juaristi eta Tonpes kaleetan egingo dituzte obrak. Pasabideak egokitu eta beharrezkoa den kasuetan berriak egingo dituzte.
Irungo Udaleko Obra sailak jakinarazi berri duenez, hiriko oztopo arkitektonikoak kentzeko kanpaina bat hasiko dute aurki. Oinezkoen pasabideetako ibilerraztasuna hobetzeko jarduketak egingo dituztela aurreratu dute, eta horretarako pasabideak egokituko edo beharrezkoa den kasuetan berriak egingo dituzte. Azken hilabeteetan Letxunborro, Ibis hoteleko eta Irun Kafeko biribilguneen artean egin dituzte lan horiek, 41.079,50 euroko aurrekontuarekin. Orain, hiriko beste guneetan ariko dira.
Formatu txikiko lanak izan arren, udalaren arabera “balio handikoak” dira, “oinez mugitzea errazten eta arazoak saihesten baitituzte”. Egun, hiriko oinezkoen pasabide gehienetan espaloia beheratuta dago, eta beheragune asko indarrean dagoen araudiaren aurretik egin zirenez, ertzak altu samar daude oraindik ere, eta horrek “zailtasunak sortzen ditu oinezkoen ibilian”, udalaren arabera.
Bada, honako puntuetan ariko dira orain: Santiago-Dunboa inguruan (kanal gaineko zubiko zebra pasabideetan), Txoantenea, Victoriano Juaristi eta Tonpes kaleetan. Lan horiei aurre egiteko 42.558,94 euro inbertituko dituzte. Hiru hilabetean amaitzea aurreikusi dute.
Bestalde, udalak gogoratu du ia 50 argi koadroren efizientzia energetikoa hobetzeko proiektuak idazteko lanak enkargatu zituela joan den maiatzean.
Zentzu horretan, laster ere Salis hiribidean, Erromes eta Istillaga plazetan eta Pilar karrikan argiteria publikoaren efizientzia energetikoa hobetzeko lanak egingo dituztela aurreratu du udalak. Hiri osoko kaleetako 3.190 argi puntu elikatzen dituzten 40 aginte eta kontrol zentrotan esku hartuko dute. Proiektua, oraingoz, idazketa prozesuan dago.