KAE 1 mailara igotzeko aukera izango du Hondarribia B-k asteburuan
Play-offa bi estropadatan lehiatuko dute lau traineruk, Kantabriako uretan. Baliteke horietako hiruk lortzea zilarrezko ligara igotzeko txartela.
Play-offa lehiatuko duten lau taldeen artean dago Hondarribia B, KAE 2-ko sailkapen orokorrean hirugarren gelditu izanagatik; berdeek aurpegia eman beharko dute Portugalete, Castro eta Camargoren aurka datozen bi egunetan kategoriaz igo ahal izateko, Colindres eta Castro Urdialesen (Kantabria), hurrenez hurren.
Brontzezko mailako sailkapenean bigarren gelditu izanagatik lehiatuko du igoerarako estropada Portugaletek, eta bi ontzi kantabriarrek KAE 1-eko postua mantendu ahal izateko emango dute aurpegia euren uretan. Datorren denboraldian zenbatek emango dituzten arraunkadak zilarrezko mailan, baina, ezjakina da oraindik; izan ere, igandekoarekin lehen eta azken postuetan gelditzen direnek soilik jakingo dute euren patua zein den: lehenengoena, igoera, eta laugarrenena, KAE 2.
Bigarren eta hirugarren sailkatzen direnen etorkizuna Getaria eta Kaikurenarenarekin (KAE 1) dago zuzenean lotuta; batek lortzen badu Eusko Labelerako txartela, play-offean zilarra eskuratzen duen taldea soilik igoko da mailaz urredunarekin batera, baina Getaria nahiz Kaiku, biak ala biak, kategoriaz igoko balira, orduan play-offean hirugarren gelditu den klubak ere izango luke lekua maila horretan.
Asteburu erabakigarria, beraz, datorrena, eskifai berdearentzat. Hilaren 28an, larunbata, 19:30ean lehiatuko dute KAE 2-ko traineruek ligako hamahirugarren estropada (ez puntuagarria), eta play-offeko lehena izango da hura Hondarribia B-rentzat; hurrengo egunean, igandean, 12:30ean lehiatuko dute play-offaren bigarren saioa Castro Urdialesen (Kantabria) aipaturiko lau traineruek.