Eskualdeko adinekoen egoitzetan protokoloa zorroztuko dute
Zaintza berezia egingo dute Irun eta Hondarribiko zentroetan, intzidentzia tasa metatuta 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa delako bietan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu eta indartu egin du zentro soziosanitarioetan COVID-19aren zaintzarako eta kontrolerako protokoloa. Araudi berriak ezartzen duenez, gaurtik aurrera zaintza berezia egingo da eremu laranjan dauden udalerrietako egoitzetan -Irun eta Hondarribia, biak ala biak, daude zaku horretan-.
Intzidentzia-tasa metatuta 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo hortik gorakoa den kasuetan -Irunen 462koa da, eta 347koa Hondarribian-, egoiliarren zuzeneko arretako langileei baheketa sistematikoko PCR bat egingo zaie; hortik aurrera, astean behin egingo diete proba hori bera txertoa hartu gabe dauden langileei, eta hamabostean behin txertoa hartuta dutenei.
Horrez gainera, egoiliarren irteeretarako esparrua berritu egin dute, gaua zentrotik kanpo igarotzen den kasuetan. Protokoloaren ezarpen berriaren arabera, zentrora sartzean proba diagnostikoak pertsona guztiei egingo zaizkie, txertoa hartuta egon edo ez -orain arte, txertoa hartu gabe zutenei bakarrik egiten zitzaizkien horiek-.
Protokolo berria gaur sartu da indarrean, eta oraingoz, Bidasoko egoitza guztietan ezarriko da.