Aisialdiko begirale titulazioa lortzeko doako ikastaroa eskainiko dute
Irundarrek irailaren 10etik 16ra bitarte eman ahal izango dute izena. Ikastaroak 150 ordu teoriko eta 160 praktiko izango ditu, urritik maiatzera.
Haur eta nerabeen aisialdiko begirale titulazioa eskuratzeko doako ikastaroa eskainiko du Irungo Udaleko Gazteria arloak. Formakuntzan parte hartzeko izena eman ahal izango dute irundarrek irailaren 10etik 16ra arte (horiek barne) udalaren webgunean. Gutxienez 10 lagunek eman beharko dute izena, eta 24 izango dira gehienez taldea osatuko dutenak.
Saioak Martindozenea gaztelekuan izango dira, larunbatetan. Denera 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko ditu kurtsoak, euskaraz emandakoak, urrian hasi eta maiatzera bitarte. Lehen atala 2021eko urriaren 16an hasiko da, eta 2022ko maiatzaren 22an bukatu.
Hezkide Eskolak emango du ikastaroa, eta, bukatzen denean, ikasleek haur eta nerabeen aisialdiko begirale izateko titulua eskuratuko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatutakoa. Ikastaroan izena emateko, interesdunek 2022ko maiatzaren 22a baino lehen 18 urte betetakoak eta 31 urte bete gabekoak izan beharko dute, eta 2021eko irailaren 1erako Irunen erroldatuta egon.
Parte hartzaileen zozketa
Zozketan parte hartzeko onartuak izan direnen izenen zerrenda Igazte bulegoan jarriko dute jendaurrean irailaren 21 eta 22an; era berean, 010 zenbakira deituta kontsultatu ahalko da informazio hori, 08:00etatik 14:00etara bitarte. Zozketa irailaren 23an izango da, 10:00etan, jendaurrean, eta emaitzak hilaren 27an argitaratuko dituzte.
Eskabide kopurua txikiagoa bada toki kopurua baino, ez da egingo zozketarik, eta izen ematea behin betikotzat hartuko da. Behin zozketa eginda, mezu elektroniko bat bidaliko zaie tokia egokitu zaien onuradunei, izena emateko orria bete dezaten, eta urriaren 8rako entregatu beharko dute, Igazte bulegoan.