[Galeria] Garaile izan da Hondarribia etxean, bost urteren ondoren
Hondarribia nabarmen nagusi izan da ohorezko txandan, baina lehia estua izan du bigarren txandan aritu den Oriorekin. Emakumeetan, Arraun Lagunak izan da lagunarteko ikurrinaren irabazlea.
Ikurrina altxatu du Ioseba Amunarriz patroiak. Hondarribiko XXXIV Bandera jokatu da Eusko Label Ligaren barruan eta lagunarteko XIII. Txingudiko Bandera-Ondoan sariagatik lehiatu dira Euskotren Ligaren parte izan diren lau traineruak. Emakumeen artean, Arraun Lagunak izan da irabazle eta gizonezkoen artean Hondarribia . Koronabirusaren hedapena prebenitzeko neurriak hartu behar izan ditu udalak, eta hondartzako eta arrantza portuko kaiak itxita egon dira, giro lasaia nabaritu da hondartzan.
Txingudiko XIII. Bandera:
Arraun Lagunak izan da lagunarteko ikurrinaren garaile nagusia lehen ziabogatik, Donostiarra traineruarekin lehia estua izan du. 10:43.32 denbora eginda irabazi du Arraun Lagunakek Txingudiko XIII. Bandera, bigarren izandako Donostiarrari 2 segundoko aldea atera dio. Hondarribia azkeneko postuan sailkatu da 10:58.22 denbora eginda.
Hondarribiko XXXIV Bandera, Eusko Label Liga:
Lehen txandan aritu dira Zarautz, Lekittarra, Tiran eta Ares. Berehala atera dio aldea Lekittarrak beste traineruei eta lehen luzean garaile izan da 3 segundoko aldea aterata lehen ziabogan bigarren izan den Aresi. Baina bigarren luzea hasi bezain pronto, azkar batean, asko gerturatu da Ares lekeitiarrei eta segundo bateko distantzia mantenduz, lehia oso estua izan dute galiziarrek eta lekeitiarrek. Orduan, bigarren ziaboga Aresek egin du lehen 09:51 segundorekin eta Lekittarra segundo batera sartu da. Distantzia motza mantendu dute hirugarren ziabogan ere eta galiziarrak sartu dira lehenengo bi segundoko aldearekin lekeitiarrei. Azken luzean, bizkaitarrekiko zortzi segundoko errentarekin ibili da Ares lehen postuan, eta irabazle izaten bukatu dute galiziarrek 19:55.62 denbora eginez. Bigarren izan da Lekittarra 8 segundo beranduago, hirugarren Tiran 20:19 denborarekin eta laugarren Zarautz 20:24 denbora eginda.
Orio, Cabo, Urdaibai eta Ondarroa bigarren txandan ibili dira. Orio izan da jaun eta jabe estropada osoan eta atzetik joan da Urdaibai denbora guztian. Lehen ziabogan 4 segundoko aldea atera diote horiek Urdaibairi eta bigarren luzea nagusitasuna adierazteko erabili du Oriok, 10 segundoko aldea ezin izan dute murriztu bizkaitarrek estropada osoan. Bigarren ziaboga Urdaibairi 11 segundoko errenta aterata egin dute Oriokoek eta bandera irabazteko moduko denbora egin dute: 19:33.51 markarekin irabazi dute horiek. Bigarren izan da Urdaibai 19:47.24 denborarekin, hirugarren Ondarroa 25 segundo gehiagorekin eta laugarren Cabo 33 segundo beranduago.
Ohorezko txandan egin dute arraun Hondarribiak, Santurtzik, Zierbenak eta Donostiarrak. Etxekoak bigarren kaletik atera dira eta lehen luzean oso gertu ibili dira lau eskifaiak. Lehen ziabogan 4:50 minutu egin dute hondarribiarrek, Oriok bigarren txandan egin duena baino segundo bat gehiago. Bigarren luzean, lehenengoan bezala, Santurtzi bigarren izan da denbora guztian eta erraz mantendu dute berdeek nagusitasuna. Bestalde, epaileek Donostiarrari ohartarazpen bat egin diete beraien kaletik atera direlako, eta beraien kalera itzultzea eskatu diete. Hirugarren ziabogan Ama Guadalupekoak 14:44 denborako marka egin du eta Orioren denborari 3 segundoko aldea atera dio. Azkeneko luzean, Santurtziri ateratzen zion aldea handitu egin dute etxekoek, eta, bost urteren ondoren irabazi egin dute etxeko ikurrina 19:25.19 denborarekin. Bigarren sartu da Santurtzi 19:38 denborarekin, hirugarren Donostiarra eta laugarren Zierbena. Patroi onenaren saria Arkaitz Diazi eman diote.

