Memoriaren astea: giza eskubideen urraketak gogora ekartzeko lau egun
Bizikidetza Batzordeak, herritarrekin elkarlanean, egitaraua osatu du 1936ko estatu kolpearen ondorengo gehiegikeriak salatu eta biktimei aitortza egiteko.
Duela 85 urte gertatutako estatu kolpe eta ondoren giza eskubideen urraketak ezagutarazteko eta horien biktimei aitortza egiteko hainbat ekintza antolatu ditu Hondarribiko Bizikidetza Batzordeak. Horien artean, atzo bertan aurkeztu zuten Memoriaren Astea izenarekin bataiatutako programa.
Aurkezpen ekitaldiarekin bat egin zuten Txomin Sagarzazu alkatea, Maria Serrano (EAJ), Aitzol Arroio (Abotsanitz), eta Xabier Bengoetxea (EH Bildu) Bizikidetza Taldeko ordezkariek, baita proiektua lagundu duten historialari eta boluntarioek ere.
Serranok taldearen izenean hartu zuen hitza: “Aurten, 1936ko gerraren hasieraren 85. urteurrenean, urte hartako uztaileko estatu kolpe saiakeraren ondorengo giza eskubideen urraketak ezagutu nahi ditugu. Hondarribiko emakume eta gizonen bizipenen berri izan eta jasandako sufrimenduetara hurbildu nahiko genuke. Bide batez, eskubide urraketa haiek pairatu zituzten hondarribiarrei aitortza egin nahi die Hondarribiko Udalak”.
Lan hori gauzatzeko herritarren laguntza eskatu zuen udalak ekainean, eta aitortu dute dagoeneko helarazi dizkietela argazki, dokumentu eta lekukotzak hainbat bizilagunek, “horiei denei gure esker ona agertu nahi diegu”.
Egitaraua
Bizitakoa ezagutzera eman eta aitortza egiteko hainbat ekimen antolatu ditu batzordeak, zenbait historialariren laguntzarekin: Pedro Barruso, Kote Gevara, Joxerra Enparan eta Koldo Ortega. Elkarlan horri esker, jarraian dagoen programa osatu dute:
- Hilak 25, asteazkena. 1936an erbesteratuak mahai ingurua Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00tan. Historialarien ahotik, 1936ko Gerran Hondarribian gertatu zena ezagutzeko aukera izango da. Bertan parte hartzeko gonbidapena jaso daiteke Arma plazan eta Kutxabanken.
- Hilak 28 eta 29, larunbata eta igandea. Memoria lekuetara bisita gidatuak. Ibilbide bereziak Alde Zaharrean zehar, herriaren historia gehien ikertu dutenen azalpenekin. Bisita hauetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, Arma plazan edo 943 64 46 23 telefonora deituta.
- Irailak 4, larunbata. Aitortza ekitaldia. Ekitaldi instituzionala 12:00etan Kai Zaharrean, garai horiek bizi izan zituzten hondarribiarrak gogora ekartzeko.