Espaloiak beheratu eta argiteria LED teknologiara egokituko dute
Beheramenduak bi hilabeteko epean gauzatzea aurreikusi du udalak. Argiteriaren efizientzia hobetu nahi dute kontsumoa zein argi kutsadura murrizteko.
Irungo Udaleko Obra Arloak jakinarazi duenez, oztopo arkitektonikoak kentzeko kanpaina berri bat hasiko da laster. Irisgarritasun Planean oinarrituz, espaloietako eta oinezkoen pasabideetako beheraguneak egokitzen jarraitzea da proiektuaren helburua.
Hiriko oinezkoen pasabide gehienetan espaloia beheratuta dago jada, baina lan horietako asko indarrean dagoen araudiaren aurretik egin zirenez, ertzak altuegi daude oraindik ere.
Kanpainaren barruan lanak egiteko aurrekontua 42.500 euro ingurukoa da, eta honako puntu hauetan esku hartuko dute: Santiago-Dunboa inguruan (kanal gaineko zubiko zebra pasabideetan) eta Txoantenea, Victoriano Juaristi eta Tonpes kaleetan. Obrak bi hilabeteko epean egikaritzea aurreikusi dute.
Argiteria sistema
Obra Arloak hiru hilabeteko epean Salis hiribidean, Erromes eta Istillaga plazetan eta Pilar karrikan argiteria publikoaren efizientzia energetikoa hobetzeko egitekoak diren lanen berri eman ere du. Horiek gauzatzeko aurrekontua 34.500 euro ingurukoa da.
Paraleloki, argiteria publikoaren efizientzia energetikoa hobetzeko proiektu baten idazketa hasi dute. Helburua da, LED argien sarea zabalduz, kontsumoa zein argi kutsadura murriztea, aldi berean CO2 gutxiago isuriz.
Bada, horretarako, hiri osoko kaleetako 3.190 argi puntu elikatzen dituzten 40 aginte eta kontrol zentrotan esku hartuko da aurrerago. Oraingoz, Nasei Ingenieria SL-ri esleitu dizkiote lanak eta 55.900 euroko aurrekontuarekin.