Villanueva eurodiputatuak Irun eta Hendaia artean Europak "nola jokatuko" duen galdegin du
Villanuevak salatu du Europak "Espainia eta Frantzia" artean dituen ardurak eta konpromiso zehatzak hartu gabe jarraitzen duela.
Idatzizko eskaera orri baten bitartez, Idoia Villanueva Ahal Duguko eurodiputatuak, Irun eta Hendaia arteko zubietan Europako Batzordeak “nola jokatuko duen” galdegin zion joan den astean, Coulibalyren heriotza izan berri, Ylva Johanssoni, Barne Gaietarako Europako komisarioari.
Espainiako, Frantziako eta Euskal Herriko agintariek, Europako Schengen lurralde legediaren aurka egiten dutela adierazi zuen gutunean Villanuevak: “Ez da mugako kontrolik egon behar Schengengo lurraldean”.
Gaineratu zuen, egoera honek, migratzaile askori “beraien bizitza arriskuan” jartzen duten erabakiak hartzera bultzatzen diela. Bere esanetan, migratzaileek topo egiten dituzten egoerak harrera oinarrietatik urrun daude eta ez dira beraien oinarrizko eskubideak errespetatzen.
Johanssonen erantzuna
Migrazioari eta asiloari buruzko itun berria adostu dutela jakinarazi du Johanssonek erantzunean, eta, aurreratu duen bakarra izan da, “elementu garrantzitsu” bat duela itunak “migraziorako legezko bideak garatzeko”. Izan ere, komisarioak uste du, migrazio seguru bat ahalbidetzea lagungarria dela, migrazio irregularra murrizteko.
Nahiz eta Schengen espazioa, kontrolik gabeko gunea den, Johanssonek onartu egin du itun honen parte diren herrialdeek kontrol polizialak ezarri ditzaketela “salbuespen gisa”. Hala ere, Europako Batzordea, Schengen lurraldeko barne araudiaren arabera “mugak kontrolatzeko epeak” gainditzen dituzten Estatuekin hitz egiten jarraituko duela baieztatu du.
Komisarioak gaineratu du, Schengen lurraldeetan dauden pertsona guztiek, ez dutela libreki zirkulatzeko eskubidea eta itun hauen parte diren gobernuek herrialdera sartzea debekatu dezaketela “araudi nazionalen arabera”.