1936ko uda bizi zuen gizarte zibilari hitza emateko ahalegina
Aurten 85 urte beteko dira indar faxistek Irun eta Hondarribia indarrez hartu zituztela. Jazotakoa gogora ekartzeko egitaraua prestatu du Kepa Ordoki elkarteak.
- Izan zirenak eta izango direnak gogoan
Izan zirenak eta izango direnak gogoan webgunearen bitartez, emakumeek estatu kolpe zein frankismoan zehar jasandako errepresioari leku egin asmo diote. Plataforma 2019. urtean sortu zen, eta bertan, Behe Bidasoko atxilotuak, fusilatuak, erbesteratzera behartuak eta susmagarritzat jo ziren 146 emakumeren jazoerak gorde dira.
Azken hiru urteetan ikerketa lanak sakondu dira eta horien emaitza da webguneak izango duen hedapena: hurrengo hilabeteetan, beste 200 emakumeren gertaerak jasoko dira. Horien artean dago Faustina Ruiz Garcia, Galdames ontzian atxilotu ostean faxistek fusilatu zuten emakumea. Consolacion Mangasen historia ere jaso dute, eskualdea defendatzen frontean hil zuten emakumea izan zen hura.
- Historia de nuestras vacaciones del año 1936
Ricardo Cuendek hainbat astez atxilotuta egon zen Iruñeko erreketeen kuartel nagusian. 1936ko irailean askatu zuten, hiru asteko egonaldia burutu zuen Iturenen eta, Irunera itzultzean, berriz atxilotu zuten udaletxean, ia urtebeteko kartzelaldiarekin zigortuz.
Senideen bitartez Cuenderen idatziak eskuratu ostean, argitalpena publiko egingo da. Horretarako, Historia de nuestras vacaciones del año 1936 kontakizuna jasotzen duen liburuxka aurkeztuko dute irailaren 3an Palmera Montero gunean, 18:00etan.
- Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan, webgunea
Elkartearen webgunean, 85 urteen baitako jarduerak laburbiltzen dituen atal berezia sortuko dute, eta baita eskualdea defendatzeko ezinbestekoak izan ziren internazionalistei buruzko artikulua ere.
- Oroimen ekitaldia
Memoria aldarrikatzeko, irailaren 5ean, hots, eskualdearen hartzearen 85. urteurrenean, ekitaldi publikoa egingo dute Behobia auzoko zubi zaharrean, bertatik hamarnaka errefuxiatuk alde egin baitzuten faxismotik ihesi.
Leku berean, inguruko Punttako borrokaldiak oroitaraziko dituzte ekitaldian internazionalistei men eginez eta “ozen” aldarrikatuko dituzte Izan zirenak eta izango direnak gogoan webgunean barnebiltzen diren emakumeen bizipenak.