Hiriko landa bideak konpontzeko lan multzo berria aurkeztu du udalak
90.000 eurotan lizitatu duten proiektuak Lapitze, Olaberria eta Meaka auzoei eragingo die. Irisgarritasuna hobetzea da obren helburua.
Irungo Udaleko Obra Arloak jakinarazi duenez, datozen hilabeteotan hiriko zenbait landa bidetan irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Horretarako lehen pausoa eman dute jada: lan multzo berria egikaritzeko proiektua onartu eta lizitatu dute.
Obren guztizko aurrekontua 89.999,99 eurokoa da, eta helburu izango dute Lapitze, Olaberria eta Meaka auzoetako bide zati batzuk konpontzea, hondatuta baitaude. Halaxe banatu dituzte obrak, hurrenez hurren:
- Lapitzeko Altamira bidean, Azpilikueta baserrirantz doan 20-30 metro inguruko bide bat konponduko dute.
- Olaberrian 100 metro inguruko zati batean esku hartuko da, Meakar bidean.
- Meaka auzoan bi zati aldatuko dira: 100 metro pasatxo Makatzaga bidean, Burutaran baserriko sarreretan, eta 120 metro karratu guztira (bi ataletan banatuta) Frantziun bidean.
Lanen helburua irisgarritasuna hobetzea dela azaldu dute udal arduradunek, eta, horretarako, bideetako hormigoizko zorua konpontzea ezinbestekoa dela. Alabaina, aukeratutako gune batzuetan ez dago hormigoirik, eta, horregatik, proiektua osatzen duten konponketa lanen barruan, gainazal mota hori instalatzea da asmoa.