[Elkarrizketa] "Oraindik abuztu erdian gaude eta barku guztiak geldi jada"
Gaurko egunarekin bukatu da hegaluzearen kostera, euskal arrantzaleek Espainiari esleitutako kopuruaren %57 atzeman dutelarik. Kuotak negoziatzea eskatu dute.
Atzoko (astelehena, hilak 16) 00:00etan eman zen bukatutzat aurtengo hegaluzearen kostera, eta beraz, debekatuta dago arrain hori gehiago arrantzatzea. Kanpaina laburra izan bada ere (ekainaren hasieran hasitako denboraldi bera urrian bukatu zen orain dela bost urte), balorazio positiboa egin du oro har Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradietako presidenteak.
Hegaluzearen arrantzan kuota zehatzak esleitzeko garrantziaz mintzatu da arduraduna, kanpaina irekia baita eta geroz eta laburragoa. Oraingoz behintzat, arrain horren batez besteko prezioa egonkor mantendu da aurten, 3,5 euroan. Datorren astetik aurrera, Hondarribiko baxurako flotak atseden hartuko du, udazkeneko kanpainarako prestatzeko gero.
Bukatu da aurtengo hegaluzearen kanpaina. Espainiak 17,2 milioi kiloko kuota jaso zuen aurten, horietatik zenbat harrapatu dituzte Gipuzkoako arrantzaleek?
Gipuzkoakoek ez dakit zehazki, 7 bat milioi-edo, baina Euskal Herri guztian 9,5 milioi inguru arrantzatu dira [Espainiar estatuari esleitutako kuotaren %57].
Zer-nolako balorazioa egingo zenuke? Kostera ona izan da?
Kostera bezala ona da, izan ere, kuota bat genuen eta kuota hori bete da, eta hori poztekoa da. Arazoa litzateke arraina harrapatu edo aurkitu ezin izan balitz.
Hor dagoen arazoa, azken urteotako gure kezka, da kuotak zeozer gehiago izan beharko lukeela, gero etorriko direlako urte kaxkarrak, eta orduan, nahiz eta harrapatu, ez da posible izango.
Pena, beraz, hori: kuota oso erraz betetzen da. Oraindik abuztu erdian gaude eta barku guztiak geldi jada, eta normaltasun batean gu oraindik iraila eta urrian ibiltzen ginen hegaluzetan.
Abuztu erdian gelditzeak pena ematen digu uste dugulako posible litzakeela kuota pixka bat gehiago handitzea, ez lukeela inongo kalterik eragingo, eta arrantzaleentzat mesede handia litzateke.
Aipatu duzun bezala, geroz eta azkarrago bukatzen da kanpaina. Zergatik?
Hor badira faktore batzuk, lehena, arrain asko dagoela. Hegaluzea oso eskura dago, azken urteetan etortzen da asko bazterrera, golkoan sartzen da, eta horrek dena errazten du, denbora gutxiago galtzen delako. Arrainak Atlantikoaren erdian daudenean, barnealdean, joan-etorrian denbora asko galtzen da. Arraina hurbil edukitzeak hori aurrezten dizu.
Gehienbat hori izan da arrazoia: hegaluzea oso ongi sartu dela azkeneko lau-bost urteetan, eta horrek arrantza azkarrago egitea erraztu du.
Kanpaina irekia da, eta geroz eta barku gehiago ateratzen dira hegaluzetara. Lehia sortu du horrek baxurako arrantzontzien artean?
Beno, lehia bat ez, azken finean gertatzen dena da arraina geroz eta hurbilago datorrenez, hor barku txikiek, 2 edo 3 lagunekoek, beste arrain mota batzuk arrantzatzeko arazoak izan ditzaketenak, aukera bat ikusten dutela hor. Azken urteetan, hegaluzearen hurbiltasun horrek eragin du barku txiki horiek itsasora ateratzea.
Lehiarik ez, denok dute eskubidea, baina guk uste dugu badela garaia banaketa bat egiteko, bakoitzak bere kuota zein den jakin eta nahi duen bezala arrantzatzeko.
Nolako banaketa proposatzen duzue?
Lehengo neurria banaketarako barkuak dira, ontzi bakoitzak badu arrantza bide historiko bat atzean eta hori da irizpide nagusia. Gero, arrazoi sozioekonomikoak: zenbat marinel dituen, nolako tamaina duen barkuak…
Hiru-lau irizpide horiekin kuota bat esleitzen zaio barku bakoitzari. Hor arazoa da denak ados jartzea, zeren, demagun, batzuk hasi dira hegaluzeetan orain dela hiru urte, orduan, ibilbide historiko gutxi dute eta arrantza librea izatea hobe da agian horientzat.
Hortaz, bada, ez da erraza, baina uste dut hausnarketa bat gutxienez egin beharko litzakeela, eta hortik joan beharko lukeela gero negoziazioak.
Orain arte zergatik ez da egin halakorik hegaluzearekin?
Ez garelako ados jarri. Orain dela lau edo bost urte nahiko hurbil egon ginen paktu bat egiteko, bazegoen proposamen bat Madrildik, baina autonomia eta probintzia batzuek ez zuten ongi ikusi, ez zen adostasunik lortu eta, orduan, atzera bota zen. Ordutik ez da banaketa zehatzik egon.
Aipatu duzu kanpaina hau geroz eta lehenago amaitzen dela. Zein eragin du horrek urteko plangintzan? Alegia, oraindik aurrera, zer?
Oraindik aurrera, ezer ez. Hegaluzea da erregea eta bere garaia da, gero udazkenean etorriko dira sardinak, edo txitxarro pixka bat… Baina orain itxaron besterik ezin; hurrengo denboraldira arte behintzat.