Folk musikak Bidasoa hartuko du ostiraletik igandera
Hilaren 20, 21 eta 22an sei kontzertu eskainiko dituzte Hondarribia, Irun eta Hendaian. Sarrerak egunean bertan banatuko dituzte.
Lehen soinu probak egiten hasia da, dagoeneko, Bidasoa Folk jaialdiaren 20. ekitaldia. Iazko etenaldiaren ondoren -pandemiak eragindakoa-, berriro hartuko du folk musikak Bidasoa datorren asteburuan.
Hilaren 20, 21 eta 22, Hondarribian, Irunen eta Hendaian, hurrenez hurren, sei kontzertu eskainiko dituzte Folk eta musika garaikidearen munduan erreferentzia diren taldeekin, Murtzia, Gaztela-Leon, Bartzelona, Andaluzia, Okzitania, Portugal eta, nola ez, Euskal Herritik etorriak.
Kontzertuetan areto bakoitzaren edukiera muga bermatu beharko da (Hondarribian 200 lagun, Irunen 300 eta Hendaian 400); hartarako, sarrerak eskuratu beharko dira emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago, espazio horietan bertan.