Bidasoko ESIak jasoko du VIII. Txapelaundi Saria
Pandemia dela eta, bigarren urtez jarraian Xantalen eguneko ospakizunak bertan behera utzi ditu Alde Zaharra San Juan auzo elkarteak.
Alde Zaharra San Juan auzo elkarteak Xantalen eguneko ospakizunak bertan behera utzi dituela jakinarazi du. COVID-19 gaitzak eragindako pandemia dela eta, bigarren urtez jarraian hartu du erabakia elkarteak. Hala ere, VIII. Txapelaundi Sariaren irabazlea hautatu du zuzendaritzak: «Bidasoko Erakunde Sanitario Integratua, Bidasoko ESIa, osatzen duten pertsonei emango zaio, birus horri aurre egiteko eta herritar guztiak artatzeko egiten ari diren lan eskerga aintzatesteko». Iaz Ama Xantalen adinekoen egoitzako langileei egin zien aitortza elkarteak.
Horrez gain, elkartekideek zabaldu dutenez, hilaren 18an Xantalen egunarekin batera, Ama Xantalen ermita egun osoz zabalik egongo da edozeinek bisita dezan. Bestalde, hildakoen omenezko meza Junkaleko Andra Mariaren parrokian egingo da, 19:00etan hasita.