'Hondarribian, ondo pasa baina ez pasa!' kanpaina aurkeztu du udalak
Prebentzio Komunitarioa udal zerbitzuak abiatutako 2021eko kanpaina aurkeztu du Maria Serrano Gazteria zinegotziak gaur goizean.
Hondarribian, ondo pasa baina ez pasa 2021eko prebentzio kanpaina aurkeztu du gaur goizean Maria Serrano Gazteria zinegotziak. Hondarribiko Udaleko Prebentzio Komunitario udal zerbitzuak abiatutako kontzientziazio kanpaina da, eta aisialdian «gazteen garapen osasungarria» sustatzea du helburu.
«Urte bat pasa da eta jarraitzen dugu pandemia egoeran», azaldu du Serranok, «non gure egunerokotasuna eta ohiturak joan diren aldatzen. Aisialdiari, drogen kontsumoei eta adikzioa sortzen dituzten jokabideei dagokionez ere, ohitura batzuk aldatu dira».
Ildo horretan, Prebentzio Komunitarioak «ahalegin handia» egin duela aitortu du arduradunak, bereziki, «udalak egiten dituen prebentzio ekintza guztiak aurrera eramateko eta diskurtso koherente baten barruan biltzeko». Izan ere, gazteek dituzten «beharrez» jakitun direla erantsi du, eta gaineratu duenez, uneotan «sozializazio esparru horietan kudeatu behar dituzten arriskuak baldintzatuagoak daude oraindik».
Hori horrela, batetik, udalak «Hondarribiak berak dituen baliabide osasungarri guztiak indartuko» dituela adierazi du arduradunak. Bestetik, helduei «haur eta gazteen ongizatea» bermatzea ezinbestekoa dela gogorarazi die, «beharrezkoa den laguntza guztia emanez» eta «beraientzat eredua garela inoiz baino gehiago kontuan izanez». Azkenik, gazteei «arduratsu jokatzeko» galdegin die udal agintariak.
Berritasunak
Azken urteetan Hondarribian, ondo pasa! leloa erabili du udalak, baina aurten egoera ikusirik, baina ez pasa! lemaren bigarren zatia berreskuratzea erabaki du Prebentzio Komunitarioak. «Jaiak ez dira egongo baina badakigu ospakizunak egongo direla eta hauetan jendearen jarrera arduratsuaren garrantzia gogoratu nahi dugu», gaineratu du.
Hala, kanpaina aurrera eramateko bisera bat diseinatu du udalak. Bi mezu ditu: «Bata, haien burua zaintzeko, eta bigarrena, norbere osasunaren arduradun nagusia dela gogoratzeko». Biserak 12 eta 15 urte arteko gaztetxoei zuzenduta daude eta datorren astetik aurrera jaso daitezke Prebentzio Komunitarioko bulegoan, 10:00etatik 13:30era.
Ostalariei eta komertzioei zuzendutako kartelak ere prestatu ditu departamentuak. Bereziki, 18 urtez azpikoei tabakorik eta alkoholik saltzen ez zaiela gogoratuz, giro ona bultzatzearen garrantzia nabarmenduz, eta edozein eraso eta zailtasunen aurrean langileei laguntza eskatzeko adieraziz. Gutunak helaraziko dizkie udalak kartelarekin batera.