Zarauzko ikurrina bikoitzarekin bukatuko dute Euskotren liga
Gizonen eskifaiak ere bi bandera izango ditu jokoan Zarautzen; B traineruak Zarautzen eta Kantabrian arraun egingo du asteburuan.
Hondarribia Arraun Elkarteko traineruek hitzordu bikoitzei aurre egin beharko diete bihar eta etzi. Emakumeen eskifaiak, gainera, Euskotren ligaren azken jardunaldia izango du jokoan Zarauzko XIII. Ikurrinan, bihar 17:40ean eta etzi 11:30ean, hurrenez hurren.
Sailkapen nagusiko azken postuan dago trainerua, 15 punturekin; hirugarren postuan kokatutako Donostiarratik 6 puntura. Aurreikuspenen arabera ez dirudi sailkapena aldatzeko aukera duenik ontzi berdeak, eta beraz, jaitsiera ekiditeko play-offetan lehiatu beharko da irailaren 18an eta 19an, Bizkaian.
Gizonei dagokienez, Zarauzko XLIV. Ikurrina lortzeko norgehiagoka ariko dira bihar eta etzi, 18:15ean eta 12:13ean, hurrenez hurren. Sailkapen orokorraren bigarren postuan dago Ama Guadalupekoa ontzia, Santurtzitik 9 puntura.
Azkenik, Hondarribia B-ko eskifaiak Zarautz Arraun Elkartearen XII. Ikurrina jokoan izango du bihar, eta ETE Castro Urdiales Hiria sariari (Kantabria, Espainia) aurre egin beharko dio etzi. Estropadak 11:00etan eta 11:30ean izango dira, hurrenez hurren. Gonzalo Carrionek zuzendutako trainerua sailkapen nagusiaren hirugarren postuan kokatuta dago, bigarren postuan kokatutako Portugaletetik 1,34 puntura, eta lehen postuan dagoen Busturialdea ontzitik 1,78ra.