Olatz Beobidek eta Naiara Arnedok bakarrizketa eskainiko dute bihar
'Oiassoko emakumeak' bakarrizketek Dies Oiassonis jaialdian izandako arrakastaren ondotik, formatu ezberdinean abiatu du museoak ikuskizuna.
Oiassoko emakumeak izenpeko bakarrizketa saioak eskainiko ditu Oiasso Erromatar Museoak bihar eta hilaren 20an. Dies Oiassonis jaialdian izandako arrakastaren ondotik, formatu aldaketarekin ikuskizunari heltzea erabaki du museoak. Hala, bihar eskainiko dute Olatz Beobidek eta Naiara Arnedok lehen saioa (bikoitza izango da), Ama Xantalen ermitan, 12:30ean eta 19:00etan.
Zabaldutako informazioaren arabera, 40 minutuko iraupena dute bi bakarrizketek. Ikuskizunak duela 2.000 urteko Oiassoren historiara hurbilduko ditu ikus-entzuleak, eta erromatarren garaiko errealitate ezberdinak bi emakumeren begiradaren bidez islatuko ditu: batetik, baztanga duen emakume alargun baten istorioa taularatuko dute, zailtasunak zailtasun, seme-alabak aurrera ateratzeko borrokatzen ari dena, eta bestetik, emaztea termetara laguntzen duen jopu batena, zeina bere askatasuna erosteko aurrezten ari den.
Biharko saioa gazteleraz garatuko da. Joateko interesa duten lagunek 943 63 93 53 telefono zenbakira dei dezakete erreserba egiteko. Sarrerak 4 euroan daude salgai.
Hilaren 20ko saioan Patxi Perezen eta Aia Krusen txanda izango da.