'Legea gu gara' antzezlana taularatuko du Cia Barsantik igandean
Istiluen kontrako brigadako bi polizia izango dira antzezlanaren protagonistak; Kasino Zaharreko lorategietan finkatu dute hitzordua, 19:00etan hasita.
Cia Barsanti antzerki konpainiak Legea gu gara izenpeko antzezlana taularatuko du igandean (hilak 15), Kasino Zaharreko lorategietan, 19:00etan. Sarrerak 3 euroan daude salgai Interneten edo Arma Plaza informazio gunean.
Kale antzerki hizkuntza erabiliz, umorea eta egunerokotasun soziala azaleratuko ditu istiluen kontrako brigadako bi polizien gaineko istorioak.
Sinopsia:
Sergio eta Erramun istiluen kontrako brigadako bi polizia dira, profil oso ezberdinekoak. Sergio jakituna da, gorputz atletikoa du, literatura eta arkitektura zalea da, kirolaria, hizlari ona eta euskaraz primeran aritzen dena. Erramunek defentsa pertsonalari buruzko aldizkari mordoa irakurri du baina liburu gutxi irakurri ditu osorik. Lanbide Heziketa gainditu ezinik bigarren mailara baino ez zen iritsi.
Nahiz eta abizen euskaldunik ez izan, berak Sabino Arana baino jakitunagoa eta euskaltzaleagoa ikusten du bere burua. Bere euskarak sanferminetara datozen turisten mailakoa da baina bere euskal sentipenak ez dauka mugarik. Kirolik praktikatu ez arren, asko daki haiei buruz edo hori uste du berak behintzat.
Arkauten sorturiko istiluen aurkako brigada beldurgarrienetako bat sortzen dute.