18zm lehiaketan saritutako hiru margolanak ezagutarazi ditu udalak
'Haurrei begirada bat' izan da txapelketaren laugarren ekitaldiak aukeratutako gaia; 94 margolan aurkeztu dituzte denera.
18zm izenpeko lehiaketan parte hartu duten margolan irabazleak jakinarazi ditu Irungo Udalak. Guztira, 64 artistek 94 margolanekin parte hartu dute. Aurtengoan hautatutako gaia Haurrei begirada bat izan da. Ildo horretan, «jasotako proposamenek haurren eta berauen jolas, erronka eta motibazioei erreparatzen diete, eta oso begirada interesgarria osatzen dute», adierazi dute Kultura arloko arduradunek.
Ondokoak dira saridunak:
-
Irun, haurtzaroaren hiri laguna, Xabier Ilarregi Arruabarrena irundarrarena (28 zenbakia irudian). Saria: 180 euroko bonu bat Donostiako Tamayo paper-dendan gastatzeko.
-
Sombras en el parque 2, Victoria Arkaia donostiarrarena (5b zenbakia irudian). Saria: bidaia kutxa bat.
-
Aitona-amonak, Ione Gaztañaga Rodríguez irundarrarena (30 zenbakia irudian). Saria: bidaia kutxa bat.
Margolanak 18zm izenpeko erakusketan bildu eta Amaia KZn ikusgai jarriko dituzte hilaren 20tik irailaren 5era, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era bitartean.