Ezohiko osoko bilkura egingo du bihar Hondarribiko Udalbatzak
Udalbatzarrean jorratuko diren puntuak azaltzeko agerraldia egin du Txomin Sagarzazu alkateak prentsa aurrean.
Ezohiko osoko bilkura egingo du bihar Hondarribiko Udalbatzak. Hasiera batean zazpi puntu jorratzea aurreikusi zuten arren, azkenean zortzi izango direla jakinarazi du Txomin Sagarzazu alkateak. Horien artean garrantzitsuenak azaltzeko agerraldia egin du gaur goizean arduradunak prentsa aurrean.
Hala, laugarren puntuan jarri du azpimarra Sagarzazuk: «Hondarribiko hamabi kale asfaltatzeko eta urbanizatze lan osagarriak egiteko obrak lizitatzeko pleguak onartzeko proposamena eramango dugu. Uztailean onartu egin genuen proiektua. Orain, pleguak atera nahi ditugu prozesuak aurrera egin dezan eta lanak datozen hiletan has daitezen». Ekaineko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak asfaltatze eta berrurbanizazio kanpaina, nahiz eta akats bat medio uztaileko ezohiko osoko bilkurara berriz ere eraman behar izan zuen proposamena EAJren udal gobernuak.
5,1 milioi euro bideratuko ditu, beraz, Hondarribiko Udalak hamabi kale berrurbanizatzera, besteak beste: Axular, Baserritar etorbidea, Bidasoa ibilbidea, Donostia kalea, Gibeleta, Harresilanda, Irun , Kosta, Nestor Basterretxea, Sabin Arana, Txiplao industrialdea eta Errebellin. Txingudiko Zerbitzuak-ek %2 estaliko du, eta gainontzekoa, udalaren esku geratuko da. Aurrekontu osoaren %10 baino diru sail handiagoa bideratu nahi denean derrigorrezkoa dute udal gobernuek proiektuak udalbatzarrera eramatea eta bertan bozkatzea. Hondarribiak 24 milioi euroko aurrekontua du 2021erako, eta beraz, horren %20 bideratuko da asfaltatze kanpainara.
Gainontzeko puntuak
Udal agintaria Francisco Sagarzazu Sagarzazuren familiaren dohaintzaren inguruan ere mintzatu da agerraldian. Alkate izandakoaren senideek dohaintza egin nahi diote udalari, tartean, dokumentuak, udal txostenak, planoak, gutunak, Bienabe Artiak Sagarzazuri egindako erretratua… Sagarzazuk objektu horien artean nabarmendu duenez, hala ere, 35 milimetroko film bat da: «15-20 minutu inguru ditu eta Hondarribiko irudiak biltzen ditu. Gutxi gorabehera 1929ko da».
Hiri eta landa eremuetako lorezaintza zerbitzua, bestalde, Elai Serbitzuak SL enpresari esleitzeko proposamena ere eramango du EAJk osoko bilkurara. Udal agintariak esan duenez, kontratazio mahaiak hala proposatuta, 1,3 milioi euroko aurrekontua eta hiru urteko iraupena bozkatuko du udalbatzak.
Jaizkibelgo IV. eta V. dorreak berreskuratzeko prozesua ere hasiko du udalak. Izan ere, Jaizkibelgo paradorea eraikitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zion lursaila udalak, eta orain, horiek berreskuratu nahi ditu. Sagarzazuk aurreratu duenez, zenbait lan egin nahi dituzte dorreetan edo inguruan.
Azkenik, Juan Luis Silanes zinegotziari Garapen Iraunkorra ardura eman eta Nekazaritzarena kentzea erabaki dutela ere jakinaraziko zaio udalbatzari. Nekazaritza Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren esku geratuko da.