Udalak atsekabea adierazi du atzo hil zen migratzailearen heriotzagatik
Atzo Biriatura iritsi nahian ito zen migratzaileak "injustizia egoera" baten ondorioa jasan behar izan duela adierazi du udalak. Doluminak eman dizkiote hildakoaren familiari eta ingurukoei.
Hondarribiko Udalak ohar baten bidez deitoratu egin du atzo Bidasoa ibaia gurutzatu nahian ito zen migratzailearen heriotza, eta esan du, migratzaileek bizi duten egoeraren ondorioa dela atzo izandako “gertaera lazgarri hau”.
Ingurukoei eta familiari doluminak eman dizkio lehenik udalak eta “atsekabe handia” sentitzen duela adierazi du. Denbora gutxian itota hil den bigarren migratzailea izan izana “ezin ahaztu” daitekeen “injustizia egoera” dela uste dute.
Hondarribiak pertsona zaurgarrienen beharrei erantzuten lagundu nahi diela azaldu du udalak, eta giza eskubideak, elkartasuna eta giza duintasuna izateko, Europaren konpromiso sendoa eta erakundeen eta gizarte eragileen arteko lankidetza “ezinbestekoa” dela uste du.