Elkarretaratzea egin dute atzo itota hildako migratzailearen heriotza salatzeko
Irungo Harrera Sareak Euskal Herriko erakundeei eskatu die "giza eskubideak errespetatzen ez dituzten politika horietatik" aldentzea eta "ahalegin handiagoa" egitea harrera duina egiteko.
Irungo Harrera Sareak antolatuta elkarretaratzea egin dute gaur San Juan plazan, atzo Bidasoa ibaian itota hil zen pertsona migratzailearen heriotza salatzeko. Beste behin, migrazio, kontrol eta harrerako politika arrazistak gaitzetsi dituzte.
Harrera Sareak ez du inolako hitzik egin gaurkoan, baina atzo sare sozialetan argitaratu zuten ohar batean Euskal Herriko erakundeei zuzendu zitzaien esanez “giza eskubideak errespetatzen ez dituzten politika horietatik” aldentzeko eta aldarrikatu zuten “ahalegin handiagoa” egiteko garaia dela: “Babestu egin behar ditugu, bidaian jasaten dituzten tratu txarrak eta arrazismo instituzionala normalizatu beharrean”.
Hildakoa lehenbailehen identifikatzea, haren familiari informazioa ematea eta bizitzak babesteko borondatea erakutsi dezatela eskatu dute. Izan ere, horretarako instituzioek baliabideak dituztela adierazi du harrera sareak. Amaieran, minutuko isilunea egin dute gerturatutakoek.