Real Unionek eta Bilbao Athleticek indarrak neurtuko dituzte asteazkenean
Lagunarteko partida izango da hilaren 11n, Hondarribiko Hondartza futbol zelaian; txuri-beltzen zuzendaritza berriaren eta HFEren lankidetzaren emaitza da norgehiagoka.
Real Unionen eta Bilbao Atlheticen arteko partida aurkeztu dute gaur goizean Igor Emery txuri-beltzen presidenteak eta Alex Arieta-araunabeña zuzendaritzako kideak, Joxean Arrieta Hondarribia Futbol Elkarteko (HFE) presidenteak eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotziak. Ezagutarazi dutenez, Hondartza futbol zelaian jokatuko dute lagunarteko partida hilaren 11n, asteazkenarekin, 18:30ean.
Silanesek hartu du hitza lehenbizi eta nabarmendu duenez, «Real Union eta HFE lankidetzan ari dira. Aro berri batean gaude eta elkarrekin lanean aritzeko momentua da. Eskualde mailan nik uste dut garrantzitsua dela Real Union eta ondoko talde guztiak lankidetza horretan aritzea».
Zinegotziak egindako adierazpenekin bat egin du Emeryk, eta eskertuta agertu da Hondarribiko Udalak zein HFEk emandako «erraztasunekin». Izan ere, zehaztu ez dituen arrazoiengatik, txuri-beltzak Hondarribiko belar artifizialeko zelaian entrenatzen ari dira uneotan, eta horrek ere, «harremanak sendotzeko» aukera dela adierazi du zuzendariak.
Arrietak bere aldetik argi esan du «pozez» hartu dutela berdeek «Emery familiaren proiektu berria». Bada, «itxura berrituarekin» datorrela orain Union adierazi du, eta nola ez, Hondarribiko klubetik «beti laguntzeko prest» egongo direla erantsi. Areago, Behe Bidasoan futbolak «garrantzia berezia» hartuko duela nabarmendu du.
Norgehiagoka
Asteazkenean lehiatuko dira lagunartean 1. Federazio Mailako bi taldeak. «Polita» iritzi dio Emeryk kartelari, eta maila berria «indartsua» izateaz gain, «talde polit askorekin» osatuta dagoela nabarmendu du. Hala ere, kalitatezko futbola ikusteko aukera eskaintzeaz gain, «bilatzen genuena batez ere zen Hondarribiak sentitzea gertutasun hori gure aldetik».
Hala, «harremanak estutzea» eta «lankidetza» bultzatzeari balioa eman dio berriro zuzendariak, eta bi kluben artean «historikoki existitu den harreman hori» berreskuratzera deitu du. Erantsi duenez, «Hondarribian Irungo jokalariak izan dira beti, eta alderantziz ere, zerbait naturala izan da». Gainera, HFErekin «etxean» sentitzen dela nabarmendu du, «beti aipatu dut hemen hazi naizela jokalari bezala, entrenatzaile bezala, eta pertsona bezala ere».
Azkenik, publikoa harmailetara itzuli daitekeela-eta 300 lagunentzako tokia izango da. Sarrerak Irungo Stadium Galen eta Hondarribiko Arma Plaza informazio gunean eskura daitezke –150 izango dituzte salmentarako puntu bakoitzean–. Sarrerekin bildutako dirua HFEri emango diola Unionek baieztatu du Emeryk, baita «bertako produktuekin osatutako saski txiki batzuekin» bildutakoa ere. «Eskerrak» adierazteaz gain, «gertutasuna» helarazi nahi du era horretan klub txuri-beltzak.