2021-2030 Kulturaren Plan Estrategikoa sortzeko eskatu du EAJk
Jeltzaleen udal taldeak «funtsezkotzat» jo du tokiko kulturaren bide orria eratzea; kultur politiketan «jauzi kualitatiboa» egitea ezinbestekoa deritzo EAJk.
2021-2030 Kulturaren Plan Estrategikoa osatzea «funtsezkotzat» jo du gaur EAJren udal taldeak. Komunikabideetara igorritako oharrean jeltzaleek zabaldu dutenez, bide orri gisa jokatuko luke plangintza horrek «edozein kultur ekintza edo ekimenei aurre egiteko». Areago, tokiko kultura sustatzeko «kultur politiketan jauzi kualitatiboa» egitea ezinbestekoa deritzo Irungo EAJk.
Zabaldutako informazioaren arabera, «irundarrek dituzten beharrak eraldatu egin dira eta interesgarria izango litzateke instituzioek, batez ere Irungo Udalak, gai honen inguruko hausnarketa egitea». Gaineratu dutenez, etengabeko aldaketa kulturalek «pentsatzeko zein jokatzeko modua dibertsifikatu dute».
EAJren aburuz, instituzioen, kultur eragileen eta herritarren parte hartzea izan beharko luke prozesuak, eta bi fasetan eratu beharko litzateke: diagnostikoa batetik, eta diseinua, bestetik. Gai honen inguruan «hausnartzera» deitu dute.