Zortzi mila herritar inguruk baliatu dituzte kontsumo bonuak
Irun Aurrera planaren baitan abiatutako hirugarren kanpainan ia 17.400 bonu elkartrukatu dituzte irundarrek; guztira, 200.000 euroko aurrekontua bideratu da.
7.981 irundarrek baliatu dituzte tokiko merkataritza sustatzeko bonuak, guztira, 17.398 txartel elkartrukatuz. Zenbakien berri eman du gaur Irungo Udalak ohar baten bidez, eta bonuen hirugarren kanpainari «ezin hobe» iritzi dio. 180 saltokik eta 33 ostalaritza negoziok bat egin dute kanpainarekin. Irun Aurrera planari jarraituz martxan jarri zuen udalak bonu kanpaina, eta guztira, 200.000 euroko diru saila bideratu zen horretara.
Irungo alkate Jose Antonio Santanoren hitzetan, «bonuak eraginkorrak dira bertan eros eta kontsumitu dadin bultzatzeko, baita gure merkatari eta ostalariak laguntzeko ere». Maiatzaren 6an hasi eta uztailaren 31ra arte luzatu da kanpaina.