Galizian lehiatuko dira bihar eta etzi 'Ama Guadalupekoa'-ko arraunlariak
Emakumeen eskifaiak atseden hartuko du asteburu honetan; Hondarribia B-k Trintxerpeko Bandera lortzeko indarrak neurtuko ditu bihar, Pasaian.
Hiru bandera izango ditu jokoan asteburu honetan Hondarribia Arraun Elkarteak. A eta B traineruek parte hartuko dute bihar eta etzi izango den hiru estropadetan. Emakumeen ontziak atseden hartuko du asteburu honetan.
Hala, Joseba Amunarrizek gidatutako trainerua Galizian lehiatuko da asteburu osoan zehar. Zehazki, bihar Barbanza Arousa Bandera izango du jokoan Rianxon (Coruña), 11:15ean. Etzi, bestalde, XXXI. Concello de Boiro Banderagatik borrokatuko da Boiron (Coruña), 12:15ean. Sailkapen orokorraren bigarren postuan dago Ama Guadalupekoa, lehen postuan dagoen Santurtzitik bost puntura.
B traineruak bere aldetik, Trintxerpeko Bandera lortzeko norgehiagokari aurre egin beharko dio bihar. Pasaian izango da estropada, 17:30ean hasita. Sailkapen orokorraren hirugarren postua betetzen du ontzi berdeak.
Emakumeen eskifaiak ez du jardunaldirik izango asteburu honetan, eta ligako azkena jokatuko du hilaren 14an eta 15ean, Zarautzen. Sailkapen nagusiko azken postuan daude berdeak, eta beraz, jaitsiera ekidin beharko dute irailaren 18an eta 19an jokatuko dituzten play-offean.