1936an Irunen izandako bonbardaketak hizpide izango dituzte hilaren 10ean
EAEko bonbardaketen atlasa argitaratu du Xabier Irujo unibertsitateko irakasleak; Irunen 33 bonbardaketa operazio erregistratu zituzten 1936 eta 1937 artean.
Xabier Irujo Amezaga unibertsitateko irakasleak Irun 1936. Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937) izenpeko hitzaldia antolatu du Foro Irun XXI elkarteak hilaren 10erako Palmera Montero gunean, 18:00etan. Irunen izandako 33 bonbardaketa operazioak edukiko dituzte hizpide, tartean, 1936ko irailaren 2an egindako hamar aire erasoak.
Gogora memoriaren institutuaren bitartez argitaratu zuen orain gutxi Irujok gaztelerazko Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937) izenpeko lana. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erregistratutako 1.209 bonbardaketen gaineko informazioa eta irudiak bildu ditu bertan irakasleak. Nevadako Unibertsitateko (AEB) Renoko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria eta irakaslea da Irujo.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, osasun neurriak direla-eta sarrera mugatua izango da ahalbidetutako lekuak bete arte.