Entrenamenduetara itzuli da Bidasoa
Nazioarteko jokalaririk gabe baina fitxaketa berriekin eta harrobiko hainbat gazteren parte hartzearekin ekin die entrenamenduei berriz ere Bidasoa Irunek.
Entrenamenduetara itzuli da Bidasoa Irun eskubaloi taldea. Atzo berreskuratu zituzten Artaleku kiroldegiko saioak, klubak zabaldu duenez. Nazioarteko jokalariren presentziarik gabe, fitxaketa berriek eta harrobiko gazteek parte hartu zuten denboraldi-aurreko lehen entrenamenduan. «Hasteko gogo handiz ginen», aitortu zuen Jacobo Cuetara entrenatzaileak.
Zentzu horretan, arduradunak zehaztu zuenez, uneotako erronka da aurtengo denboraldirako «liga hasiera on bat egiteko ahalik eta ondoen prestatzea». Hala, fitxaketa berriekin asebete agertu zen entrenatzailea, nahiz eta hainbat jokalari nazioarteko txapelketetan –tartean Julen Aginagalde Tokioko Olinpiar Jokoetan– parte hartzen ari diren.
Lagunarteko partidei dagokienez, hilaren 13an eta 14an jokatuko dituzte lehenak, Hondarribian eta Orion, hurrenez hurren. Asobal Liga bere aldetik irailaren 11n hasiko da, eta European Leagueko multzoen fasea, urriaren 19an.