Beheranzko joera hartu dute COVID-19 kutsatzeek
1.000tik behera egin du metatutako tasak Irunen eta Hondarribian; tentuz ibili behar dira oraindik herritarrak egoera ez baita baikorra oraindik.
Koronabirus kasuak behera egiten ari dira Hondarribian eta Irunen. COVID-19 gaitzak eragindako pandemia hasi zenetik inoiz izandako kutsatze kopururik altuenak izan dituzte bi udalerriek azken asteetan. Gorakadaren atzean sanmartzialak egon daitezkeela uste dute osasun adituek, nahiz eta pixkanaka, beheranzko joera antzeman daitekeen kutsatzeetan.
Hori horrela, uztailaren 30etik abuztuaren 1era arteko datuak plazaratu ditu gaur bazkalorduan Osasun Sailak. Horien arabera, ostiraletik igandera hamahiru izan dira Hondarribian atzemandako positiboak. Irunen 84 kasu izan dira denera, osasun agintariek zabaldu dutenez.
Hamalau egunean 100.000 biztanleko metatutako tasari dagokionez, uneotan, 1.000tik behera kokatu da bi udalerrietan.
Datuen xehetasunak:
- Irun. Tasa: 888,59 (hilaren 25ko igandean 1.089,56koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 34-23-27.
- Hondarribia. Tasa: 906,74 (hilaren 25ko igandean 1.089,56koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 9-3-1.