[Erreportajea] Oztopoekin topatu dira Mendibil inguruko bizilagunak
Bizilagunen arabera, trafiko, segurtasun eta muga arkitektonikoekin lotutako arazoak dituzte auzoan, eta udalak euren eskaerei entzungor egin diela salatu dute.
Mendibil Irungo erdiguneko auzo bat da. Zabaltza plazatik gora dago. Aldapatsua da, gorabeheratsua, familia bakarreko etxeak ditu, eta, garai batean, aberatsen auzo bezala ezagutzen zen. Bertan daude Irungo eraikinik garrantzitsuenetako batzuk: Udal Kontserbatorioa, haurreskola eta Inmaculada zaharren egoitza. Duela hamarkada batzuk zaila da jakiten nolako itxura zuten auzoak, baina, orain, ordea, bizilagunak kexu dira auzoaren egoeraz, eta, oro har, udalak auzoarekiko duen jarreraz.
“Auzoan hainbat berrikuntza egin dituzte bizilagunekin harremanetan jarri gabe”. Hori izan da Joxe Jabier Zabalo Erdiguneko Auzo Elkarteko presidentearentzat arazoaren abiapuntua. Zabaltza plazaren peatonalizazioaren ondotik, Mendibil inguruan azken hilabeteotan hainbat aldaketa egin dituzte: errepideen norabideak, edukiontzien kokapenak… Maiatzean bizilagunak auzo elkartearekin jarri ziren harremanetan, informazio bila.
Auzo elkarteak ekainaren 16an bilerara deitu zituen bizilagunak. Aurretik, auzotarrek hainbat eskaera aurkeztu zituzten udalean, erantzunik jaso gabe. Erantzun bakarra auzo elkarteak izan zuen: udalak bilera batera deitu zuen ekainaren 14rako: “Egoera zein zen jakin nahi zuten, eta norabide aldaketak baino ez zituztela egingo esan ziguten”. Era berean, udalari bizilagunekin egitekoak ziren bilerarako gonbidapena zabaldu zion auzo elkarteak, baina uko egin zion. Eskaera formal bat ere aurkeztu dute udaletxean, bilera hori beharrezkoa dela iritzita, baina Zabaloren esanetan, ez dute erantzunik ere jaso.
Arazo anitz
Auzoko “problematika” zabala dela adierazi du Zabalok. “Trafikoaren zirkulazioa asko handitu da: Zabaltza ingurua peatonalizatzearen eraginez, autoak Mendibil aldetik desbideratzen dituzte, jakinda auzoa ez dagoela horretarako prestatuta: bideak estuak dira, espaloiak ez dira nahikoa zabalak eta egoera txarrean daude…”. Hain zuzen, oztopo arkitektoniko ugari daudela gaineratu du Zabalok, eta horrek, besteak beste, adinekoen egoitzan dauden erabiltzaileei hainbat arazo ekartzen dizkiela, zailtasunak baituzte —batik bat— gurpildun aulkian espaloi horietatik ibiltzeko.
Beste arazoetako bat segurtasunarena dela gaineratu du Zabalok: “Gazte asko kontserbatorioko parkera joaten dira edatera, eta han hainbat arazo sortzen dituzte horren inguruan: borrokak, droga salmenta, zikinkeria…”. Egoera hori ez dela berria zehaztu du, baina pandemiarekin okertu dela. Argiteria, edukiontziak mugitzeak ekarri dituen albo kalteak, udal kontserbatorio inguruan ordu zehatzetan egoten diren trafiko arazoak… Bizilagunen aldetik askotariko kexak jaso dituzte, eta egoera nolakoa den ezagututa ere, udalak bileraren beharrik ez ikustea kritikatu du Zabalok: ”Hori izan da bizilagunen haserrea piztu duena”.
Gauzak horrela, arazoa publiko egitea erabaki dute, eta uztailaren 22an elkarretaratzea egin zuten, San Juan plazan. Aurrera begira egoerak berdin jarraitzen badu, ekintza gehiago egiteko asmoa azaldu du auzo elkarteak