4,6 milioi euroko kreditu aldaketa onartu du plenoak
Udal Gobernuaren hasierako proposamenari EH Bilduren 400.000 euroren zuzenketak eta EAJren 252.000 euroko zuzenketak gaineratu dizkiote.
Ikasturteari bukaera emateko, udalbatzar luzea izan dute aurretik zinegotziek. Batik bat, 2021eko aurrekontuaren kreditu aldaketak luzatu du plenoa; 10. puntuak, hain zuzen. Udal gobernuak 3.998.500 euroko kreditu aldaketa proposatu du, eta horri, EH Bildu eta EAJren zuzenketak gaineratu behar zaizkio. Horrenbestez, 4.650.000 euroko kreditu aldaketa onartu du udalbatzak, orotara.
EH Bilduren emendakin guztiak atera dira aurrera; hamabost, guztira, eta balio orokorra 400.000 eurokoa izan da. Udal gobernuaren eta koalizio abertzalearen arteko negoziazioak sintonia onean joan dira, eta Jokin Melida EH Bilduko bozeramailearen arabera, horiek “irundarren egunerokoa hobetzera” zuzenduta daude. Hala nola, euskara, kultura, merkataritza, landa eremuko irisgarritasuna, kirol arloko berdintasuna sustatu nahi izan dituzte.
Kontrako bidetik joan dira EAJrekin negoziazioak. Jeltzaleek 28 zuzenketa aurkeztu dituzte —1,4 milioi euroko baliokoak—, kultura, gizarte ongizate, aniztasuna, aparkaleku eta bide publiko alorrean. Horietatik, 252.000 euro irten dira aurrera. Xabier Iridoy bozeramaile jeltzalearen arabera, beraiek negoziatzeko eskua zabalik izan dute, baina udal gobernuaren planteamenduarekin bat ez datozela esan du, batik bat, 2 milioi euroko soberakinaren alorrean. Zentzu horretan, udalak “gehiegizko zuhurtzia” izan duela iritzi dio Iridoyk, eta “gehiago” egin zitekeela.
Miguel Angel Paez PSE-EEko bozeramaileak onartu du zuhurtziaz jokatzen ari direla, baina gobernuan egoteak duen ardurari egotzi dio jokabide hori. Horrez gain, EAJrekin akordioetara heldu ez izanaz atsekabetuta azaldu da, “akordiorik izan ez bada, ez da udal gobernuarengatik izan”.
David Nuño Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak negoziazioen balorazio positiboa egin du, eta udal gobernuaren proposamenarekiko “oposizio garbirik” egon ez dela esan du, eta oposizioko alderdien ekarpenekin “aberastea” lortu dutela.
Azkenik, Iñigo Manrique PPko zinegotziak adierazi du egungo kreditu aldaketa 2021eko aurrekontu orokorraren norabide beretik doala, baina ez dagoela aldaketarako “margen” handirik. Abstentzioa bozkatu du.
Bertizeko eremuaren erosketa
Udal gobernuaren proposamenaren inbertsio handiena egun Bertiz kontzesionarioa dagoen eremuaren erosketa da, 1 milioi euro pasatxokoa. Eremu hori leheneratzea da udal gobernuaren asmoa. Horrez gain, kreditu aldaketaren zati nabarmen bat (650.000 euro) San Juan plaza inguruko kaleak berreurbanizatzera bideratuko dute —Legia, Foruen Karrika eta Berrotaran—. Beste 450.000 euro, berriz, Emigazioaren eraikinaren inguruko kalean berrurbanizatzeko izango dira, duela gutxi egindako lanak osatuz. Eraikin hori San Migel auzorako nahiz hiri osorako erabilera anitzeko espazio bihurtzea da helburua. Obra alorrean, kaleen asfaltatzeko 400.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.
Kultura eta berdintasun alorrean ere kreditu aldaketako proposamenak egin dira: bi beka berri sortuz. Horrez gain, Santa Elenako Ermitan hainbat hobekuntza (120.000 euro) egingo dituzte, baita Luis Marianoko gizarte zentroan eta Kontserbatorioan ere (dantzagela eta auditoriuma, 17.000 euro).
Azken Portuko hitzarmena, aurrera
Kreditu aldaketetan ez bezala, 0posizioa aho batez kontra azaldu da Azken Portuko hitzarmenaren alorrean. Akordioari alegazioak aurkeztu ondoren, berriro gaia plenora bueltatu da, behin betiko onarpena emateko, eta udal gobernu taldearen babesa baino ez du eduki.
Eztabaida nahikorik izan ez dela iritzita, EH Bilduk puntua atzera botatzeko eskatu die, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosi. Melidaren iritziz, hitzarmen soila baino gehiago da: “Egia da prozesua ez dela hemen ixten, baina atzera egitea geroz eta zailagoa izango da”. Gogoan izan ditu ekologistak eta Brioche Pasquier Recondoko langileak. Edozein modutan, koalizioaren proposamena atzera bota du udal gobernu taldeak.
PPk, berriz, lursailen trukaketaren aukera aztertzeko eskatu dio udal gobernuari, eremu hori etxebizitzak eraikitzeko egokia ez dela iritzita. Edozein kasutan, ez da bozketara atera proposamena.
EAJk ere udal gobernuaren ikuspegitik “oso urrun” daudela azaldu du, eta “aukera bat” galtzen ari direla eta etorkizuna “hipotekatu” egingo dutela esan du Iridoyk. Jeltzaleen planteamendua eremu horrek Osinbiribil eta irlekin “kontsonantzian” egon behar duela gaineratu du. Oraindik formula berriak bilatu, eta proiektu bideragarri bat aurkitzeko aukera dute, EAJko bozeramailearen ustez.
Nuñok, berriz, oraindik eztabaidatzeko aukera izango dela gogorarazi du Plan Orokorra bozkatu bitartean, eta “Pasquier munstroaren aldean, ingurua hobetzea” lortuko dutela. Paezek ere bide beretik hitz egin du, eta eztabaida ixtetik urrun, orain irekiko dela adierazi du. Egungo eremu industrialaren ondoan, “erabilera misto eta publikoago” bat izango duela zehaztu du.