Irungo berdeguneak indartu nahi ditu EAJk
Meaka bailara babesteko plana sustatu eta Olaberria bailarako plana aktibatzea proposatu dute jeltzaleek; azken horri dagokionez, "2020tik ez da aurrerapausorik eman", EAJren arabera.
EAJ “kezkatuta” azaldu da Meaka eta Olaberria bailaretako babes planen “garapen eskasaren” gainean. Jeltzaleen arabera, “ezinbestekoa” da Meaka bailara babesteko plana sustatzen hastea, “Irun berdea eraikitzeko eta bultzatzeko”.
Olaberriari dagokionez, 2020an udalak kutsatuta zeuden minda putzuak garbitzen bukatu zuenetik, Olaberriko Haranaren Planean ez dela aurrerapauso zehatzik eman salatu du EAJk. “Irungo herritarrei espazio berde, natural eta apartaz gozatzeko aukera eskaini behar diegu”, gaineratu du, “eta horregatik da hain garrantzitsua, urteak esperoan daramatzan plan honi ahal bezain laster ekitea”.
Horrez gain, beharrezkotzat jo du inplikatutako eragile guztiekin hausnarketa estrategiko bati ekitea. Zentzu horretan, gogorarazi du arlo horretan bultzatu dituen ekintzak; esaterako, 2021eko aurrekontuetan Ibarrolako errekaren harana babesko plan berezia sustatzeko 100.000 euroko zuzenketa aurkeztea.
Irunek naturari “lehentasuna” eman behar diola iritzi dio EAJk, eta “izan beharko lukeen protagonismoa berreskuratu”. Halaber, turismo berdea “potentzial handiko jarduera” dela adierazi du, eta horrenbestez, ezinbestekoa dela iritzi dio “ingurumenaren behar bezalako kontserbazioa bultzatzea”.