Soul Teller musikariak emanaldia eskainiko du larunbatean
Soul, rock, blues, funk eta tankerako doinuak hedatuko ditu abeslariak Lorenzo Moya pianista eta Juaki Hidalgo kaxoi flamenko jotzailearekin batera.
Soul Teller musikariak kontzertua eskainiko du Lorenzo Moya piano jotzaile eta Juaki Hidalgo kaxoi flamenko jotzailearekin batera, larunbatean (hilak 31), Kasino Zaharreko lorategietan, 19:00etan. Juan de Pablos irrati esatariak ere parte hartuko du emanaldian. Sarrerak 8 euroan daude salgai Arma Plaza informazio gunean edota Interneten.
Soul, rock, blues, funk… doinuak lau haizetara zabalduko ditu hirukoteak Astral Love lanaren Hondarribiko aurkezpenean. Dagoeneko, hiru hamarkada bete ditu Migel Angel Julian abeslariak oholtzaz oholtza eta hamar dira plazaratutako diskoak. The Cool Jerks taldearekin ekin zion bere ibilbideari artistak.
Zabaldutako datuen arabera, «Percy Sledge, Bonnie Tyler, Dr. John, Paul Carrack eta Solomon Burke bezalako musikari ospetsuekin» parte hartu du agertokietan Julianek, baita «Willie Mitchel Memphiseko (AEB) ekoizlearekin grabatu ere». Ildo horretan, Aretha Franklin, Elvis Presley, Rod Stewart, Syl Johnson edo Joe Cocker artistekin lan egin zuela Mitchelek nabarmendu dute antolatzaileek. Bira baten hasieran dago soul abeslaria uneotan.