Bidasoa Folk bueltatuko da iazko etenaldiaren ostean
Abuztuaren 20, 21 eta 22an izango dira emanaldiak Hondarribia, Irun eta Hendaian, hurrenez hurren, osasun neurriak betearaziz.
Iazko etenaldiaren ondoren, bueltan da Bidasoa Folk. Ekainaren 20, 21 eta 22an ospatuko da Hondarribia, Irun eta Hendaian, eta folk musika lantzen duten sei talde igoko dira hiru hirietako oholtzetara.
Folk musikaren jaialdiak 20. ekitaldia beteko du aurten. Iaz osasun egoera dela eta huts egin arren, urte luzez eusten ari den jaialdia dela nabarmendu du Miguel Angel Paezek Irungo Udaleko ordezkariak, eta Bidasoa-Txingudi partzuergoaren ekitaldirik nabarmenetako bat. Hori bera albiste pozgarria dela esan du.
Bidasoa Folken ezaugarrietako bat “hango eta hemengo” taldeak direla gaineratu du Irungo Udalaren ordezkariak. Hala nola, Espainia, Herrialde Katalanak, Okzitania eta Portugalgo ordezkariak igoko dira oholtzara, Euskal Herriko taldeekin batera.
Osasun neurriak “zorroztasunez” jarraituko dituztela adierazi du Paezek, eta, zentzu horretan, gehienezko edukiera ezarri dutela: 200 pertsona Hondarribiko Kasino Zaharrean, 300 pertsona Irungo Junkal plazatxoan eta 400 pertsona Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian. Egoera kontuan hartuta, edukiera handia dela iritzi dio Paezek, eta espero duela programazioak erakarrita, jendea hurbiltzea: “Hiru hiriak folk musikaz betetzea nahi dugu”.
Jose Luis Silanes Hondarribiko Udaleko ordezkariak programazioaren kalitatea mantentzen dela adierazi du, eta kultura “martxan” dagoela: “Egoera honekin konturatu gara kultura zein garrantzitsua den”. Eguraldiak laguntzeko desioa azaldu du, baina horrela ez izatekotan, “B plana” prest daukatela gaineratu du.
Richard Irazusta Hendaiako Udaleko ordezkaria ere ildo beretik mintzatu da, eta emanaldi guztiak doakoak direla gogorarazi du. Zentzu horretan, sarrerak kontzertuak hasi baino 3o minutu lehenago jaso ahal izango dira sarrera guneetan. Sarrerak zenbakituta egongo dira.
Programazioa
Abuztuaren 20an, Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategian
- 19:00etan: Euskal Barrakensemble (Euskal Herria).
- 20:00etan: La Musgana & Vanela Muela (Gaztela Leon, Espainia).
Abuztuaren 21ean, Irungo Junkal plazatxoan
- 20:00etan: . Juan Jose Robles (Murtzia, Espainia).
- 21:00etan: Alba Carmona (Andaluzia, Espainia / Portugal).
Abuztuaren 22an, Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian
- 21:00etan: Lambrusquera (Okzitania).
- 22:00etan: Cocanha (Tolosa, Okzitania).