Udal lanpostu batzuk finkatu nahi ditu udalak
Udalak Lanpostuen Zerrendaren gaia aurkeztuko du uztaileko plenoan, eta, egungo lanpostu batzuk finkatzeaz gain, plaza berriak sortu nahi ditu.
Irungo Udalak LPZ Lanpostuen Zerrenda aurkeztuko du uztaileko ohiko osoko bilkuran (datorren ostiralean izango da). Horren bidez, batetik, egungo lanpostu batzuk finkatuko ditu, eta, bestetik, lanpostu berriak sortu. Modu horretara, zerbitzu publikoa indartu eta ildo estrategikoak sendotzea dela helburua adierazi du Cristina Laborda Giza Baliabideetako ordezkariak.
Labordak azaldu duenez, LPZ administrazio publikoaren tresna bat da egitura antolatu eta udalean dauden plazak finkatzeko. Orain tresna hori baliatu dezaketela gaineratu du, orain arte indarrean zegoen araudiak, estatu mailakoak lanpostu berriak sortzeko aukerak mugatzen baitzituen. Finkatuko dituzten lanpostuak honakoak dira: bi gizarte-langile, Kulturako teknikari bat, Erosketetako teknikari bat, analista programatzaile bat, atezain bat, eta Giza Baliabideetako teknikari bat.
Bestetik, udalaren lan ildoei jarraituko dieten lanpostu berriak sortu eta funtsezko lanpostuetarako perfilak hobetuko dituztela esan du Labordak: “Adibidez, hor dago jasangarritasunarekin eta
eraginkortasun energetikoarekin zerikusia duen oro”. Horrela, aholkulari juridikoaren lanpostu bat sortuko dute Garapen Jasangarriko, Mugikortasuneko eta Hirigintzako departamentuetarako. Gainera, bi postu tekniko aldatuko dituzte: Lorezaintzako eta arboladiko arduradunaren plaza eta garapen jasangarriko eta trantsizio energetikoko arduradunaren plaza, azken hau sortu berria.
Azkenik, Administrazio Orokorreko Teknikariren hiru postu berri sortuko dituzte, bat, Hiri-bultzadako departamenturako, eta beste biak Kontrataziorako eta Idazkaritzarako.