[Erreportajea] Ametsak errealitate bihurtzen hasteko lehen urratsa
Berdintasuna Amets iniziatiba garatu du ikasturte honetan zehar Irungo Berritzeguneak. Oarsoaldeko eta Bidasoko 18 ikastetxek berdintasunarekin lotutako egitasmoak aurkeztu dituzte.
2020-21 ikasturtearenak duela hilabete egin zuen, baina zoritxarrez, emakume eta gizonen arteko berdintasun ezak ez dauka, oraingoz, iraungitze datarik. Hasi kalean pairatu behar izaten dituzten piropoetatik, lan mundutik pasatuz —soldata baxuagoak lanpostu berberetan, haurrik baduten galdetzea elkarrizketetan— indarkeria edo heriotzarara arte: aurten 4 emakume hil dituzte Euskal Herrian, indarkeria matxistagatik.
Hori dena gainditzeko lehen urratsetako bat hezkuntza dela gogoan edukita, Irungo Berritzegunea Berdintasuna Amets proiektua ari da garatzen Oarsoaldeko eta Bidasoko ikastetxeetan 2018az geroztik. Laugarren edizio honek inoizko partaidetza handiena izan du Marivi Fernandez Berritzeguneko zuzendariak azaldu duenez, eta, guztira, 18 ikastetxek aurkeztu dituzte lanak.
Martxoaren 8aren harira jarri zuten martxan egitasmoa Fernandezen esanetan, eta bi eskualdeetako ikastetxeak egun horren gaineko proiektu edo lanak aurkeztera gonbidatzen dituzte, berdintasuna lantzera bultzatuko dituzten egitasmoak, alegia: “Zer den Martxoaren 8a beraientzat, zergatik ospatzen den bezalako gogoeta bultzatu nahi dugu”, adierazi du Berritzeguneko zuzendariak. Zentzu horretan, partaidetza sustatzea da Berritzegunearen asmoa, lehia kutsutik kanpo.
Edozein modutan, epaimahai “xume” batek lanik nabarmenenak hautatzen ditu. Bertan ordezkatuta daude Berritzegunea, irakasleak eta ikasleak. “Baloratzen dugu batez ere ikusten dena baino zer landu duten. Hau da, ez dugu hainbeste baloratzen bukaerako kalitatea, baizik eta benetan geletan zer landu duten ikasleekin, hori da helburu nagusia”, adierazi du Fernandezek.
Egitasmoa etapa guztietara zabaldu dute: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxillergoa eta Lanbide Heziketa. Ziklo bakoitzeko lan bat aukeratzen dute, eta horiek Berritzegunera gonbidatzen dituzte. Ekitaldi xume bat izaten da, hamaiketakoarekin, baina aurten, izurritea dela eta, formatuz aldatu behar izan dute, eta banan-banan etorri dira taldeak.
Lan libreak
Ikastetxeek berdintasunarekin lotutako edozein gai aukera dezakete, eta formatua ere askea da. Batzuk euskarri digitalen alde egin dute, eta beste batzuk formatuko klasikoak landu dituzte, muralak, esaterako. Aukeratuko lanak zeintzuk izan diren ez du helarazi nahi izan Fernandezek, baina horietako batzuk aipatu ditu. Esaterako, DBHn mikromatxismoen inguruko bideoak. “Oso ondo ikusten zen aurretiaz eginiko lanketa”, zehaztu du Berritzeguneko zuzendariak. LHko ikasle batzuek, berriz, emakume zientzialarien erruleta aurkeztu zuten: “Ikerketa lan bat egin zuten aurretik, eta hain famatuak ez ziren zientzialariak agertzen ziren”. HHn, berriz, ikasleekin aste oso batean egindako lan guztiak grabatu zituzten.
Fernandezek ekitaldiaren balorazio positiboa egin du partaidetza eta lanketa aldetik, eta datorren urtean ere berriro martxan izango dela berretsi du.