1,4 milioi euroko kostuan 28 proposamen berri egin ditu EAJk
Irungo Udal Gobernuak aurkeztutako Kreditu Aldaketaren baitako akordioa lortzeko borondatea adierazi du EAJk, 28 zuzenketa proposatuz.
Irungo Udal Gobernuak erabilgarri duen dirutik 4 milioiko proposamen bat egin du hainbat proiektu eta beharrei aurre egiteko asmoarekin. EAJk, ordea, 2,8 milioi erabili gabe utzi dituela argudiatuta, 28 emendakin aurkeztu dizkio, 1,4 milioiko kostua izango luketenak. Hurrengo astean egingo dute bozketa.
Diru kopuru handiena hirigintza arloan erabiltzea proposatzen dute, Ermita kalea berrurbanizatzen hain zuzen, 650.000 euroren truke. 80.000 euro Lucas de Berroa udal eraikina egokitzeko eta beste hainbeste adinekoentzako sare komunitario bat sortzeko. Altuerako aparkalekuak sortzeko azterketa bat abiatzeko 40.000 euro proposatzen dituzte eta beste 25.000 Kafe Antzoki baten sorrera aztertzeko.
Era berean, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei udal baliabideak ebaluatzeko eta berrantolatzeko azterlan bat egiteko aukera baliatzen dute 10.000 euroan, bai eta eraso sexistak jasaten dituztenean segurtasuna handiagoa izateko aplikazio bat garatzeko 6.000 euroan.
Bi aldiz bildu dira jada gobernuarekin eta akordio batera iristeko esperantza daukatela adierazi dute.