«Blokeoari ez, iraultzari bai» esan dute Irunen
Blokeoaren amai dadila eskatu eta Kubari buruz hedabideetan egiten ari diren lanketa salatu dituzte. Kubako herriari elkartasuna adierazi diote.
“Kubako herri iraultzaileari” elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Irungo San Juan plazan. Hamarnaka izan ziren deialdiarekin bat egin zutenak. Besteak beste, eskatu zuten Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak herrialdeari ezarrita dion blokeoa bertan behera utz dezala, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren ebazpena bete dezala, alegia. Gainera, pandemia aroan “inperialismoak” blokeo hori are zitalago egikaritu duela esan zuten.
Aldi berean, Kuban gertatzen ari denaren buruz hainbat hedabide ematen ari diren informazioa salatu zuten, “disimulurik gabeko manipulazioa” egiten dutela argudiatuz.
Kubako herriari “elkartasun zintzoena” adierazi zieten deitzaileek: “Hamarkadaz hamarkada, munduko ezkerrarentzat eta esplotazio gabeko mundu bat eraiki nahi dugunontzat eredu da, eta burujabetza osoa nahi dugun herriontzat iparrorratz”.