[Elkarrizketa] "Iñigoren musika gogoratzeko balio dezala materialak"
Irungo Udalaren Iñigo Muguruza Beka irabazi zuen urrian, eta zortzi hilabete izan ditu bere ikerketa lana aurkezteko. Muguruza zein zen ikusi, bere musika ikertu, eta horrekin musika eskoletan erabiltzeko material didaktikoa sortu du.
HITZAn argitaratutako elkarrizketaren bertsio luzea da honako hau.
Horrelako ikerketa bat egiten duzun lehen aldia izan da? Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Bai, hala da. Esperientzia oso positiboa izan da, atsegina, eta oroitzapen pila bat ekarri dizkit. Iñigoren musika oso gertukoa egiten zitzaidan. Nik 10-12 urte nituenetik entzuten nuen Kortatu, aurrerago, Negu Gorriak, aurrerago Joxe Ripiau… Orduan, musika hori beste belarri batzuekin entzuteak eta analizatzeak, ekarri dizkit nire gazteagoko garaietako oroitzapen asko.
Zortzi hilabete izan dituzu ikerketa garatzeko. Nola gauzatu duzu?
Lehenik eta behin, ahalik kontestualizazio sakonena egin nahi nuen, Iñigo, pertsona bezala ahalik eta gehien ezagutzeko. Alde batetik, familiarekin eta taldekideekin bildu nintzen: Jabier eta Ferminekin [Muguruza], eta Kaki Arkarazo, Andoni [Basterretxea], Carlos Zubikoa, Marino Goñi… Paraleloki, Interneten zegoen material guztia irentsi nuen: dokumentalak, zuzenekoak… Horrez gain, lehen bi hilabeteak musika entzuten egin nituen; Badok musika biltegian, taldez talde eta diskaz diska, kronologikoki, abesti bakoitza entzuten joan nintzen. Horren arabera, sailkapen bat egin nuen. Hurrengo lau hilabeteetan abestiak lantzen aritu nintzen, eta azkeneko bi hilabeteak materiala eraikitzen. Material pedagogiko bat izatea nahi nuen, musika eskoletan eta kontserbatorioetan Iñigoren musika erabili eta erakutsi ahal izateko. Sistemari dagokionez, azkenean, bi formatu batu ditut: partitura tradizionalak eta jazzeko estandarrak.
Ikerketa lan honek, beraz, bi multzo nagusi horiek ditu: kontestualizazioa eta material didaktikoa?
Kontestualizazioa gehiago izan zen nolakotasuna zaintzeko. Egin nezakeen hori gabe, baina koherentzia kontua da. Iñigorentzako omenaldi bat izatea nahi nuen, eta horretarako, bera ezagutu nahi nuen. Interneten bazegoen materiala, baina iristen da momentu bat zaila zena benetako pertsona ezagutzen, eta horregatik hurbildu nintzen gertukoengana.
40 abesti hautatu dituzu. Zeren baitan?
Iñigo Muguruza egon zen zazpi taldeetako abestiak jarri ditut: Kortatu, Negu Gorriak, Delirium Tremens, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra eta Hiru Leike; proiektu guztietako musika agertzea nahi nuen. Berak gehien maite zituen abestiak, berak gehien parte hartu zuenak eta errepresentatiboenak aukeratzen saiatu naiz, eta musikalki ahalik eta barietate handiena bilatzen: tonalitate aldetik, konpas aldetik, egitura aldetik… Musika eskola eta kontserbatorioetan erabiliko bada, material hori ahalik eta anitzena izatea nahi nuen.
Material didaktikoa sortzeko garaian, nola garatu duzu?
Azken 20 urteak daramatzat musika irakasle bezala eta musika eskola eta kontserbatorio askotan ibili naiz. Azken bost urteetan masterclass asko eman ditut bai Euskal Herrian, baita Europako, Asia eta Hego Ameriketako hainbat musika eskola eta kontserbatorioetan, eta hortik behar bat jaso dut: askotan musikari askok ez dute jaso inprobisazioarekiko ikasketarik, eta mamu bat bihurtzen da musikari klasiko gehienentzat. Beraz, ekarpen bat egin nahi nuen, musika eskola eta kontserbatorioetan inprobisazioa lantzeko, oso material gutxi dago. Zentzu horretan, egin dudana izan da material malgu bat sortu. Horrela, irakasle, ikasle, musikari edo musika talde bakoitzak har dezake material hori, ikuspegi ezberdinetatik begiratu eta abesti horien bertsio berri bat sortu. Horretarako, nik osagaiak xehetu egin ditut: zer egiten duen abeslariak, zer egiten duen gitarrajoleak, zein den abestiaren egitura, zein den gitarrak jotzen dituen akordeak… Oso formatu ezberdinetan jo ahal izango dituzte abesti horiek, eta, modu horretara, Iñigoren musika bizirik egongo da.
Abestiak aztertu ondoren, gertatu zaizu abestiren bat beste modu batera ikustea?
Gehienak. Nik abesti horiek entzuten nituen 12, 15, 20 urterekin… Batez ere oso eremu ezberdinean: tabernetan, kontzertuetan… Orain, analizatzean, beste ikuspegi batetik ikusi ditut, eta Iñigok eta Ferminek egin duten ibilbidearen handitasuna ikusi dut. Ekarpen handia egin zuten kanpoko musika ezagutzen zutelako, ekarri zutelako eta hemengoarekin nahastu zutelako.
Bestetik, Iñigo multifazetikoa topatu dut; ez da izan deskubrimendua, baina are argiago ikusi dut nolako musikari puska zen. Iñigok gitarra jotzen zuen hasieran; oso gitarra jole ona zen. Kortatu hasi zenean, ordea, anaia Ferminek hartu zuen gitarra, eta Iñigok baxua. Baxuak Kortatun egiten duena oso aberatsa da, edozein baxujolek gauza askoz ere sinpleagoak egiten ditu. Hori transkribatu nuen lanean. Gauza bera gertatu zen Negu Gorriaken. Iñigoren gitarra solo batzuk transkribatu ditut; partitura horiekin trebatu ahal izango dira gitarra ikasle iaioenak.
Gehien gustatu zaidan gauza da zein tipo koherentea izan zen: Latinoamerikatik bueltatzean, Joxe Ripiau sortu zuen. Alegia, ez zeukan aldatzeko beldurrik. Askotan artista bezala norberaren irudia sortu ahala, presio bat sortzen da, eta zaila da hori haustea edo horren kontra joatea. Aldiz, Iñigo oso pertsona koherentea izan zen, eta bere barruak estiloz aldatzea eskatu zionean, erabaki eta egin. Bere bihotza ere nabarmenduko nuke. Azken taldeetan, letrak berak sortzen zituen, eta zertan fijatzen zen begiratuta, iruditzen zait oso bihotz handiko pertsona zela.
Elkarrizketak egin dituzu familiarekin. Iñigorengandik harritu zaituen zerbait edo bitxikeriaren bat kontatu zizuten?
Elkarrizketa horiek planteatu nituen oso modu intimoan. Alde batetik, min handiago dagoelako, anaia hil zaielako. Beraz, kontu handiarekin egin nahi nituen elkarrizketa horiek. Beste alde batetik, giro intimo hori sortzeko beharrezkoa zela grabagailurik gabe oso modu lagunkorrean sartzea. Pertsona ezagutu ahal izateko galderak egin nituen. Jabierrekin hizketan aritu ginen Iñigoren marrazkiak egiteko joera naturalari buruz. Gustatu zitzaidan nola esan zuen behin Japonian zeudela, biran, elkarrizketa bat sortu zela, eta, segituan, hori hitzez adierazi baino zuzenean han bertan marrazki bat egin zuela. Asko gustatu zitzaidan anekdota hori. Oso pertsona sentikorra zela argi dago, eta artearen munduan oso sartuta zegoela.
Zein zen Iñigo Muguruza zuretzat lehen, eta zein ikerketaren ostean?
Ikerketa aurretik Iñigo zen nik gaztetatik talde askotan entzun nuen musikari bat. Banuen estimua berak egiten zuenarekiko, baina, beharbada arreta jarri nionean egin zuenari, mikroskopiotik begira, gauza asko egin dituela ikusi dut: musika tresna ezberdinak jo, estilo oso ezberdinetan adierazi, Euskal Herrira konplexurik gabe estilo ezberdinak ekarri… Ikerketa egin eta gero beste maila bateko musikaria eta pertsona zela ikusi dut. Jende guztiak ari buruz nola hitz egiten zuen ikusita, oso pertsona umila iruditzen zait, gertukoa, eta hori asko gustatzen zait. Carlos Zubikoa bere ikasle izandakoa zen, eta ikusi nuen bere irakasteko eredua ere oso humanoa eta naturala zela, eta irekita zegoen ikasleak proposa zitzakeen gauzetara. Maila gizatiarra oso altua zuen.
Behin ikerketa bukatuta, zein ibilbide izango du?
Material honen lehenengo publikazioa egingo dugu Euskal Herriko Musika Eskolen elkartarekin. Orain hitz egiten ari gara noiz eta nola, baina badirudi datorren ikasturterako edukiko dugula bertsio digital bat, eta baita paperezko bertsio bat. Zuzenean deskargatu ahal izango da beraien web orrian. Helburua lanari ahalik eta mugimendu gehiena ematea da. Ni Bartzelonan bizi naiz, eta han ere musikari eta irakasle askok eskatu didate material hau. Inprobisazioa erakusteko material gutxi dago, eta euskal rock eremu horietan ia ez dago ezer. Liburua itzultzeko baimena eman didate, eta katalanez eta gaztelaniaz egingo ditut itzulpenak. Azken finean, erabiltzaileak anitzak dira: musika eskolak, musikariak, hezkuntza…
Behin lana bukatuta, zein feedback jaso duzu, hala nola, familiarengandik?
Prozesuan zehar beraiek partaide izatea nahi nuen. Joxe Ripiauko etapan transkribatu nituen akordeoiak egiten zituen melodiak eta Jabierri behin baino gehiagotan bidali nizkion. Oso harrera ona izan dut, eta beraiek badirudi ere oso gustura daudela sortu den materialarekin. Gogoa daukate materialak mugimendua izan dezan, eta bizia izan dadin; alegia, materiala ez dadila geratu apal batean, baizik eta balio dezala Iñigoren musika gogoratzeko.