Stadium Galeko belar artifiziala aldatuko dute
Belarra aldatzeaz gain, lau argi dorreetan LED teknologiadun argi berriak jarriko dituzte, besteak beste. Lanek 368.541,99 euroko aurrekontua izango dute.
Tokiko Gobernu Batzarrak argi berdea eman dio Stadium Galeko belar artifiziala aldatzeko proiektuari. Lanek 368.541,99 euroko aurrekontua izango dute, eta Obras y Pavimentos Especiales S.A enpresak gauzatuko ditu, bi hilabeteko epean.
Udalak jakinarazi duenez, lanak egin ahal izateko, ateak eta aulkiak kenduko dituzte hasteko, eta, noski, baita, egungo zelaia ere, gero, belar artifizial berria jartzeko. Aldez aurretik, zelaiaren planimetria egiaztatuko dutela gaineratu du, eta gainazala berdinduko dutela, zelai berrian putzurik ez agertzeko.
Aurrekontu horren barruan, beste zenbait ekintza ere biltzen dira. Hala nola, Stadium Galeko argi dorreetako argiteria berritzea. 2.000Weko 32 proiektoreak kenduko dituzte, eta 1.420 16 proiektore jarriko dituzte, 212.000 lumeneko argi fluxuarekin. Udalaren arabera, argiztapena uniformeagoa izango da eta, gainera, LED teknologia izango dutenez, energia asko aurreztu ahal izango da: % 64, gutxi gorabehera.
Bidenabar, hegaletako kanaletak, babes baranda, aulkiak eta paper ontziak ere ordezkatuko dituzte.