Karta galdua
Gure esku dago dunbo batek edo bik lurperatu ez gaitzan betiko, gure euskara bizi-bizirik sentiaraztea etorkizunean. Eta gure esku dagoena egiten ez badugu, naturak egingo du bere bidea, gure esku ez dagoen gauza asko dagoelako, bidenabar errateko. Eta horrela, kondaira berriak sortuko ditugu gure itxaropenetatik eta etsipenetatik geroko euskaldunek entzun ditzaten lur honen dunbotsak.
Karta galdua diote Hondarribian, eta hala nabil aspaldi honetan, ene maite galdu hori gabe zer egin ez dakidala, baina hari esker ere naizena naizenez, idazten segitzen dut, eta iraganean asko galdu badut ere, badugu zerbait irabazteko. Nire esku zegoen guztia egin nuen maitasun-harreman eder hura aitzina ekartzeko, ene azken karta jokatu, eta orain esku hutsik nago bidegurutze honetan, baina borondate onez, pazientziaz, fedeaz, maitasunez beterik, eta batez ere, neure buruaz barre egiten ikasten, bizitza hain serios ez hartuz eta lasai arnasa hartuz.
Gure Esku gizarte-antolakuntzaren lehen ekimen handi hartatik jada zazpi urte igaro dira, giza-kate erraldoia, eta handia egin genuen, proportzioz katalanena baino askoz ere handiagoa, nahiz eta haiek erakunde publikoetan hobe profitatu herri-indar hura, baina oraindik ez dago dena galdurik, karta galdurik edo noraezean bagaude ere, euskal erakundeek ez badigute erantzuten ere, herriak segitzen du erresistitzen.
Karta galdurik ibili gara historian zehar, gerrak galdurik, eta Nafarroako Erresumaren gainbeherarekin, estatu modernoak etorri ziren. Karta galdua gaudela badirudi ere, herriexistentzia bat eratzen ari da Iruñea hiri buruzagian, XXI. mendean estatu moderno haien gainbehera etorriko denez, probestu behar dugu preskribatu ez duen delitu nazional historikoa aldarrikatzeko nazioartean, eta nazionalizazio-prozesuari ekiteko, berriro ere karta galdua eta esku hutsik ez gelditzeko. 2027.ean izango baitugu azkenean independentzia, lituaniarrek 1999an lortu bezala, eta Via Baltica hori iparrorratz, honela aldarrikatuko dugu nazioartean independentzia:
«Euskariako Kontseiluak, zeina Euskal Herriaren ordezkari bakarra baita, Autodeterminazio Nazionalerako Eskubide ezagunean oinarri harturik, Euskal Estatu burujabea du ezarri. Berme demokratikoen gainean fundaturik, Iruñea daukala hiri buruzagia. Honenbestez, ezeztaturik daude akordioak oro, zeintzuek estekatu izan baitute Estatu hau beste zeinahi naziorekin. Herritar guztiek demokratikoki bozkatuko dute Asanblea Konstituziogileak finkatuko ditu bai Estatuaren fundazioa, bai eta haren harremana gainerako herriarekin ere.
Eta hemendik dei egiten diogu Nazioarteari onar dezan Euskariako
Estatu Independentea».
(Herriexistentzia Garaile, 2027).