Udan jarduerek ez dute etenik izango Irunen
Kultura, historia, natura, merkataritza eta gastronomiaz gozatzeko aukera eskainiko dute udan zehar, hala nola, bisita gidatuak hirian zehar, tren berdea eta Lapurriturriko irteerak.
Irungo Udalak udarako eskaintza turistikoaren berri eman du, eta datozen hilabeteotan kultura, historia, natura, merkataritza eta gastronomiaz gozatzeko aukera izango da hirian. Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak eta alkateordeak gogorarazi du “pixkanaka normaltasuna berreskuratzen joateko” balio dutela plan horiek eta irundar nahiz hirira kanpotik datozenei zuzenduta daudela.
Hiria ezagutzeko bisita gidatuak izango dira proposamenetako bat; Junkaleko elizatik hasi, eta Oiasso museoa, Urdanibia plazan, Ama Xantalen ermita eta udaletxean barrena ibilbide bat egingo dute. Hilaren 14tik hasi eta abuztuaren 27ra asteazkenero (11:ooetan) eta ostiralero (17:00etan) egingo dituzte. Bi orduko iraupena izango dute, eta 2 euro ordaindu behar dira pertsonako (12 urtera arteko haurrek doan). Aurretik izena eman beharko da 943 020 732 telefono zenbakian edo bidasoaturismo.com webgunean.
Santa Elenako nekropolia ezagutzeko ere bisita gidatuak antolatuko ditu Oiasso museoak. Horiek igandero izango dira, 11:00etan. 5,50 euro ordaindu beharko dute 14 urtetik gorakoek; 3,85 euro 6-14 urte bitartekoek eta 6 urtetik beherakoek doan. Prezioaren barruan sartzen da hiriaren iragan erromatarrarekin zerikusia duten aurkikuntzak ezagutzeko bira bat.
Azkeneko bisita gidatua, tren berdean, Irugurutzetako meategietara izango da, hori ere Oiasso museoaren eskutik. Ostiral eta larunbatetan irtengo da trena, 11:00etan. Pertsona bakoitzak 5,50 euro ordaindu beharko du; 6-14 urteko gazteek 3,85 euro eta 6 urtetik beherakoek doan.
Azken bi bisita gidatuetako erreserbak Oiasso museoaren bitartez egin behar dira, 943 639353 telefono zenbakian.
Lapurriturriko informazio puntuarekin osatzen da udarako proposamenen zerrenda. Uztaila eta abuztuan egunero egongo da zabalik 10:00etatik 14:00etara, eta ekainetik urrira, asteburuetan bakarrik ordutegi berean.
Horrez gain, Txingudi Ekoetxearen gaineko informazioa zabaldu du udalak. Hain zuzen, Plaiaundiri buruzko baita badiari nahiz Txingudiko Plan Berezian sartutako natur guneei buruzko informazioa bilatuko dute bisitariek bertan. Ekoetxeak egunero irekitzen du, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Informazio hori guztia triptiko batean jaso du udalak, eta ohiko puntuetan egongo eskuragarri.