400 lagun bildu ditu antzerkiak Dies Oiassonis erromatar jaialdian
Pandemiaren beharretara egokitutako ekitaldian, antzerkia izan da erromatar jaialdiaren eskaintzarik esanguratsuena, baina ez bakarra.
Pandemiak baldintzatutako Dies Oiassonis jaialdiarenak egin du, eta, orain, irakurketa egiteko garaia da. Junkal Eizagirre Kultura zinegotziak azaldu duenez, espero bezala, ez da azoka edo zirku erromatarraren inguruan sortzen den girorik izan, baina horren ordez, antzerki eskaintza “indartsua” egin dute, baita Oiasso museoko erakusketa eta Ondareren erraldoiak ere. “Kultura, historia eta entretenimendua batuz, udan finkatu den ekimenaz gozatzeko aukera” izan dela nabarmendu du Eizagirrek.
Antzerki emanaldiak Junkal plazatxoan prestatutako agertokian egin dituzte, 230 lagunentzako tokiarekin, eta hiru egunez, 400 pertsona hurbildu dira. Ostiralean, Oiassoko emakumeak bakarrizketa saioan 170 lagun izan ziren; larunbatean, La Comedia de la Cestita antzezlanean, 175 lagun; azkenik, 50 lagun bildu ziren antzerki klasikoen irakurketa dramatizatuak ikustera.
Bestalde, hilaren 7an zabaldu zuten Emakumeak eta gastronomia: Euskal sukaldaritzaren transmisioa, erromatar garaitik egungo abangoardiara erakusketa 27o lagunek bisitatu dute, eta jende dezente hurbildu zen ere Ondareren erraldoien erakusketa ikustera.
Horrez gain, Iñigo Lavado eta Felix Manso Ibarla jatetxeetan egindako gastronomia solasaldietan toki guztiak bete ziren.
Aurten ere errekuperatu dute pintxo erromatarraren ibilbidea, eta hiriko hogei taberna eta jatetxetan garai horretako gastronomian oinarritutako pintxoak probatzeko aukera izan da, eta Bidashopen eskutik, berriz, 30 dendek stock azoka egin dute.