Klara Olazabal eslaloneko 23 urtez azpikoetan, munduko seigarren
Haritz Azanzak 14. tokian bukatu du C1ean, eta hogeitabosgarren K1ean. Izar Garciak ezin izan du lehiatu infekzio baten ondorioz.

Klara Olazabal Santiagotarrak-Zaisa taldeko piraguista seigarren geratu da Munduko 23 urtez azpikoen txapelketan, eslalon kategorian. Esloveniako Tahcen herrian jokatu dute junior eta 23 urtez azpikoen txapelketa, eta Santiagotarrak elkarteak hiru ordezkari eraman ditu, Olazabalekin batera, Haritz Azanza eta Izar Garcia.
Hiruetan posturik onena Olazabalek lortu du: final erdietan seigarren bukatu zuen, eta finalean ere postu bera errepikatu zuen. Haritz Azanza, berriz, bi kategoriatan lehiatu zen C1 eta K1. Bi kategorietako final erdietarako sailkatzea lortu zuen. C1ean, 14. tokian bukatu zuen, eta K1ean, 25.en. Lehenengo nazioarteko lehiaketa izan da Azanzarentzat.
Garciak, berriz, ezin izan zuen lehiatu, Eslovenian bertan infekzio bat hartu ondoren. Santiagotarrak elkarteak jakinarazi duenez, hasiberrien kategoriako piraguista da, eta “etorkizun oparoa” du aurretik.
Hurrengo hitzordua Tokion izango du Irungo arraunak Ander Elosegirekin: Olinpiar Jokoetan domina bat lortzen saiatuko da laugarrenez.