Barakaldoko sexu erasoak gaitzetsi ditu Bidasoko Asanblada Feministak
"Terrorismo matxistak" emakumeak "etengabe" erasotzen dituela salatu du talde feministak, eta elkartasuna adierazi die biktimei.
Joan den asteburuan Barakaldon bi pertsona atxilotu dituzte sexu eraso bana egiteagatik. Bidasoko Asanblada Feministak eraso horiek gaitzetsi ditu, eta “terrorismo matxista” egin du horien erantzule: “Ez du etenik. Erasotu, bortxatu eta hiltzen jarraitzen du”.
Horrez gain, erasotuei eta euren familiei elkartasuna adierazi die, eta eurekin daudela adierazi diete. Gainera, beste behin gogorarazi du bakarrik “bai” dela “baietz”.
Barakaldon atxilotutako bi gizonei “sexu askatasunaren kontrako delitua” egotzi diete. Lehen pertsona larunbat goizean atxilotu zuten. Ostiraletik larunbaterako gauean lagunekin zegoen neska bati eraso egin zion ustez, baina ez zuen lortu.
Bigarren pertsona, berriz, emakume batek salaketa jarri ostean atxilotu zuten, larunbat arratsaldean. El Correo egunkariak zehaztu duenez, atxilotua biktimaren aitaordea da, eta bortxaketa kasu bat da.