Udal aldizkariaren zenbaki berrian udako eskaintza landuko dute
Hiriko 20.000 etxetan jasoko dute datozen egunetan Irun On, eta udan hiriaz gozatzeko egongo den eskaintzaren berri emango du aldizkariak.
Irun On udal aldizkariaren zenbaki berria, 95.ena, banatzen ari dira dagoeneko hiriko 20.000 etxetan. Urteko bigarren zenbakia izango da, eta uda betean argitaratu dutenez, urtaro horretaz gozatzeko Irunen dagoen eskaintzaren berri emango du: ingurune naturala, ondare historiko-kulturala eta hurrengo
hilabeteetarako jardueren agenda, besteak beste. Hain zuzen, zenbaki honen leloa #IrunGozatu izango da.
Horrez gain, urteko bigarren hiruhilekoan albiste izan diren gaiak landuko dituzte. Hala nola, hiriko erdiguneko zenbait tokitan 30 km/h muga jarri zutenetik 10 urte igaro direla kontuan hartuta, ibilbide horren balantzea egingo dute. Energiari buruzko aholkularitza zerbitzua edo hirirako inbertsio berriak ere aipatuko ditu Irun On aldizkariak.
Udalaren webgunetik ere deskargatzeko aukera izango da.