Ainara Oskozen 'Denboraren haria' erakusketa, Menchu Gal aretoan
Artista irundarrak heriotzaren gaia landu du, eta bizitzan zehar bildutako objektuak ikusteko aukera izango da, abuztuaren 29ra bitartean.
Ainara Oskoz artista irundarraren Denboraren haria erakusketa inauguratu dute Menchu Gal aretoan. Gaurtik abuztuaren 29ra arte egongo da erakusketa zabalik. Aretoa asteazkenetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara bitartean egongo da zabalik, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era bitartean.
Erakusketa honen haria heriotza izan da Asier Perez-Karkamo katalogoaren testuaren egileak azaldu duenez. Hain zuzen, Oskozen senide baten heriotza izango da abiapuntua, eta hari horri tiraka maitasunari, sekretuei, oroitzapenei, erritualei, ametsei, hutsari… buruz hitz egingo du. Heriotzak, halaber, denboran zehar atzera eta aurrera eramatera bideratu du artista, eta, horrenbestez, iragan, orain eta etorkizuneko gogoeta eginez, eta, bide batez, zirkulu pertsonal eta artistiko bat itxiz.
Oskozen erakusketarik intimo eta pertsonalena izango da, eta nahiz eta pinturaren alorrean nabarmentzen den, oraingo honetan, artistaren hari pertsonalari dagozkion objektuekin osatu du bilduma.
Ainara Oskoz Bergaretxe 1976an jaio zen Irunen. Marrazketa eskolak jaso zituen Jose Mensurero Mensuren eskutik. Ondoren, Arte ikasketak egin zituen Madrilen, eta Artelanen Tasazioan espezializatu zen.
Hainbat erakusketa egin ditu Irunen, eta, besteak beste, Adour-Bidasoa lehiaketaren irabazle izan zen 2000ean.