Irungo meatzaritza garaiak ezagutzeko aukera, Lapurriturrin
Lapurriturriko irteeren barruan, uztailaren 17an, Askaingaina eta Miazuri eremuak bisitatuko dituzte meatzaritzari lotutako Irunen iragana ezagutzeko.
Dagoeneko izena eman daiteke hilaren 17an Lapurriturritik irtengo den txango berrirako. Egun horretan, Irungo meatzaritza garaiak ezagutzeko aukera izango da. Besteak beste, Askaingaina eta Miazuri eremuak bisitatuko dituzte hiriak meatzaritzarekin daukan lotura ezagutzeko.
Irungo Udalak azaldu duenez, Aiako Harrian meatzaritza garrantzi handiko jarduera izan zen, erromatar garaitik XX.mendera arte. Han erautzi, garraiatu eta kaltzinatu egiten zuten. Hain zuzen, garai hartatik geratzen diren hondarrak ezagutuko dituzte irteera horretan.
Txangoa Felix Ugarte elkarteak zuzenduko du, eta egun horretan bertan 10:00etarako egon beharko da Lapurriturriko informazio puntuan. Ibilbidea bi ordu eta erdi edo hiru ordukoa izango dela kalkulatu dute. Mendira joateko arropa eta oinetakoak eramateko eskatu dute. Horrez gain, COVID-19aren kontrako segurtasun protokoloa erabiliko dutela jakinarazi dute.
Izena 010 telefono zenbakian edota www.irun.org webgunean eman ahal izango da, plazak bete arte edo hala ez bada, hilaren 15a arte. Jarduera doan da, eta eguraldiaren mende geratzen da. Udalak gogorarazi du, aurretik antolatutako bi jarduerak, aire zabaleko pintura ikastaroa eta Erlaitz gotorlekuko hondakinen bisita, bertan behera geratu zirela arrazoi horrengatik.