Aiako Harria argiztatzera deitu du Gure Eskuk
Uztailaren 10ean Aiako Harrian eta Katalunian ekitaldi sinboliko bana egingo dute. Horrez gain, 2022rako aurreikusitako mobilizazioak aurkeztuko dituzte.
Gure Esku dinamikak berriro indarrak batzen hasteko apustua egingo du. Hala, uztailaren 3an Bilbon ekitaldi handi bat egingo dute, eta 10ean aldiz, Irunen. Orduan Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte erakundeek askatasunaren eta autodeterminazio eskubidearen alde elkarrekin antolatutako lehen mobilizazioa aurkeztuko dutela iragarri du dinamikak. Aurkezpen hori datorren urtean Euskal Herrian zein Katalunian egingo dituzten mobilizazioen “lagin txiki bat” izango dela diote.
Hala, uztailaren 10ean Aiako Harria argiztatzera deitu dute, piztutako argiak hamaika lekutatik ikusi ahal izateko. Aldi berean, Errenteria-Oreretako Orereta ikastolaren inguruan (Aiako Harrira begira dagoen behatoki batean) ekitaldi politikoa egingo dute, 2022ko mobilizazio hori aurkezteko.
Era berean, uztailaren 10ean ere Kataluniako Pedraforca mendia argiztatuko dute, eta ekitaldi politikoa ere egingo dute bertan.
Aiako Harriko ekitaldia jendearentzat irekia izango dela aurreratu dute antolatzaileek, baina aldez aurretik izena eman beharko da, bost euroren truke, esteka honetan.